Ekoizleentzat erakusleiho handia da Elgoibarko feria eta aurten era askotariko 120 postu izango dira Gabon Zahar Ferian. Hala, pandemia aurreko kopuruetara itzuliko da feria. Izan ere, bi urteko etenaren ostean, iaz itzuli zen feria, baina 102 posturekin, ohiko kopuruen behetik, 120-130 postu izatea baita ohikoena.
Honela banatuta egongo dira aurtengo postuak: Kalegoen plazan 14 postu, Giza Eskubideen Parkean 8, Elizaren inguruan 25 eta Aita Agirre Plazan 28, besteak beste.
Goizean goizetik baserrietako produktuak erosteko eta dastatzeko aukera izango da herriko gune desberdinetan, eta 11:00etatik aurrera Eusko Label markako sahieski pintxoak jarriko dituzte salgai Elgoibar Ikastolako txosnan, Kalebarren plazan. Animaliak eta baserrirako tresneria ere egongo dira Aita Agirre inguruan, eta Maalako parkean Elgoibarko artisauek euren lanak jarriko dituzte. Baltzola eta lagunak trikitilariak ibiliko dira kalean zehar, eta udaletxean Uxue Alberdi, German Meabebasterretxea eta Millan Telleria bertsolariak arituko dira kantuan. Aldarrikapenerako eta elkartasunerako tarterik ere egongo da feria egunean, izan ere, Karakate Bizirik eta Baso Biziak taldeek talo solidarioen postua jarriko dute Salento aurrean.
Lehia ere ez da faltako Gabon Zahar Ferian. Barazki eta fruta posturik onenek saria jasoko dute, eta horrez gain, 2023ko gaztarik onena aukeratzeko txapelketa ere egingo dute.
GABON ZAHAR FERIA (Abendua 30, zapatua)
- 08:30 - 14:30 Erakusketa eta salmenta: baserriko fruta, barazkiak, animaliak eta tresneria. Kalegoen plazan, elizpean, Aita Agirren, Giza Eskubideen parkean, eta Pedro Migel Urruzunon.
- 09:00 - 20:00 Parrokiako jaiotza.
- 10:00etatik aurrera Baltzola eta lagunak trikitilarien kalejira.
- 10:00 - 14:30 Elgoibarko artisauen azoka, Maalan.
- 11:30 Elgoibar Ikastolak txosna zabalduko du, Kalebarren plazan.
- 12:00 Urteko Gazta Onenaren txapelketa. Udaleko areto nagusian. Kalamua elkarteak antolatuta.
- 12:30 'Plazara dantzara' erromeria. Lekuederren.
- 13:00 Bertso saioa: Uxue Alberdi, Millan Telleria eta German Meabebasterretxea.
- 13:30 Sari banaketa. Udaletxean.
- 19:00 Kittu taldearekin, kalejira. Kalegoen plazatik.