Mendaro herria sortzen parte hartu zuten batzordeko kideak, alkate eta zinegotzi izandakoak, Udaleko langileak eta hala nahi zuten herritar guztiak zituen gonbidatuta 40. urteurreneko ekitaldi ofizialera Mendaroko Udalak, eta udaletxeko udalbatza aretoa bete egin zen.
Ekitaldi xumea izan zen atzokoa, baina hunkigarria era berean. Enetz Ezenarro alkateak egin zituen sarrerako aurkezpenak. Alkateak eskerrak eman zizkien Mendaro udalerri egiteko lanean jardun ziren guztiei, bai eta mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi, herriko nortasuna forjatzen jardun diren guztiei ere. Izenik nabarmendu gabe, herrigintzan aritu diren guztiak izan zituen akorduan alkateak.
Ondoren, 2003. urtean Alaitz Vives kazetariak eta garai hartan Mendaro telebistako kameralari zen Leire Eizagirrek sortutako 1+1=1 dokumentala proiektatu zuten. Ordubete inguruko dokumentala da, mimo handiz egindako kazetari lana, Mendaro herria sortzeko batzordean parte hartu zutenen testigantzak biltzen dituena.
Dokumentalaren emanaldiaren ondotik, Mendaroko lehenengo alkate izandako Juanito Loiolaren alaba Iraide Loiolari eman zion hitza Enetz Ezenarro alkateak. Loiolak ere esker on hitzak izan zituen prozesu hartan lanean aritu ziren guztientzat, bai eta Juanito aitarekin eskuz esku lanean jardun ziren lantaldekoentzat ere. Hasierako urte haiek gogorrak izan zirela oroitu zuen Loiolak, aitaren esanak gogoan hartuta; gogorrak lehen udal korporazio hura eta udaletxeko lantaldea osatu zutenentzat, hutsetik hasi beharra izan zutelako, eta gogorrak etxekoentzat ere, tailerreko lanak eta udaletxeko ardurak tarteko, aita falta izaten zutelako sarri etxean, eta horregatik, amari zuzendu zitzaion gero, aita alkate izan zuten garaian eta gerora ere etxeko zutabe dutenari.
Loiolaren hitzen ondotik, Aitzol Urainek eta Izaskun Loiolak agurra dantzatu zieten udalbatza aretora bildutako denei, eta mokadua izan zuten gero. Ekitaldiari Bizi Poza txarangak eman zion azkena, jai-giroan, 40 urte bete izanak merezi duelako hainbeste.
∞Lotura duten albisteak:
- 40 urte, ametsa egia bihurtu zutenetik (2023-12-22)