17:00etarako jarria zuen ordua Mendaroko Txirrindulari Elkarteak urtea korrika agurtzeko. Orduerdi bat aurretik hasi dira parte-hartzaileak izena ematen, eta izena ematearekin batera, kamiseta bana jaso dute guztiek, duela 40 urte Mendaro herria sortu aurretxoan atera zuten kamisetaren irudi bera zeramana. Hala azaldu du Ander Zulaika Mendaro Txirrindulari Elkarteko presidenteak mikrofonotik. Udalari eta lasterketa antolatzen lagundu duten boluntarioei eskerrak eman eta hasiera eman diote probari. Guztira 95 lagunek eman dute izena: 19 emakumezkok eta 76 gizonezkok. 12 urtez gorakoak zeuden parte hartzera deituta, baina 12 eta 14 urte bitartekoek heldu baten laguntzarekin hartu dute parte. Herriko Enparantzan hasi dute lasterketa, eta 5,2 kilometroko zirkuitoari bi buelta eman dizkiote, herriko hiru auzoak zeharkatuz. Bukaeran, mokadua banatu diete guztiei frontoian.