Euskaraz egiteari lotutako deserosotasunak gutxitzeko tailerra antolatu dute Elgoibarren

Barren.eus 2024ko urt. 4a, 13:24

Euskaraz bizi nahi duten hiztunentzat eta hizkuntza kontzientzia duten hiztunentzat antolatu dute TELP tailerra, eguneroko bizitzan euskaraz egiteari lotutako deserotasunak gutxitzeko helburuarekin.

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak antolatu dute tailerra, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta EMUN kooperatibak, gai sozialak kudeatzeko aholkularitza eskaintzen duen enpresak, emango du.

  • 10 orduko tailerra izango da (bost orduko bi saio izango dira) eta urtarrilaren 8tik 18ra eman ahal izango da izena, doan, Elgoibarko Izarraren bulegoan edota hara deituta (943 741 626).
  • Urtarrilaren 20an eta 27an izango dira bi saioak, Aita Agirre kulturgunean, 09:00etatik 14:00etara bitartean, eta gehienez 25 lagunentzako lekua izango da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez euskaraz bizi nahi duten hiztunentzat eta hizkuntza kontzientzia duten hiztunentzat antolatu dute tailerra, bereziki bost helburu hauekin: euskaldunok geure buruak babesteko, modu egokian erantzuteko, egin nahi duguna egiteko, konfiantza sentitzeko geure buruengan eta euskaldun moduan indartzeko.

2024 01 04 TELP tailerra kartela