'Queso de cabra y Te con sal' filmarekin hasiko da ingurumenarekiko ezagutza eta errespetua sustatzeko zinema zikloa, eguazten honetan, urtarrilaren 10ean. Ongarrik antolatzen duen zineklubaren barruan emango dute, jatorrizko hizkuntzan, 21:00etan.
Mongoliarren bizimodu nomada tradizionalean bizi den 11 urteko Amrak mutikoaren istorioa kontatzen du Byambasuren Davaa zinegile mongoliarrak zuzendu duen 'Queso de cabra y Te con sal' filmak. Amrak Zaya amarekin, Erdene aitarekin eta Altaa arreba txikiarekin bizi da Mongoliako esteparen erdian dagoen probintzia batean. Got Talent saioarekin obsesionatuta dagoen Zayak artaldea zaintzen duen bitartean, Erdene mekanikari da, eta Zayak etxeko gazta saltzen du merkatuan. Bizi diren inguruan nazioarteko meatze-enpresen ugaritzeak, baina, mehatxupean jarriko du daramaten bizimodu baketsua, urre bila dabiltzala nomada mongoliarren bizilekua, habitat naturala, suntsitzen baitute meatze-enpresa boteretsuek.
'Los dos caballos de Genghis Khan' eta 'La historia del camello que llora' dokumentalak zuzendu ditu aurrez Byambasuren Davaak, eta dokumental onenaren Oscar sarirako izendatu zuten bigarren hori. Zuzenndu duen lehenfabiziko fikziozko lana da 'Queso de cabra y Te con sal'. Mongoliako paisaia berezi eta ikusgarriak pantaila handian ikusteko aukera ere bada filma.
• Hurrengo filmak, otsailean eta martxoan
Zinema ziklo honek otsailaren 7an izango du jarraipena, 'Honeyland' filmaren emanaldiarekin eta martxoaren 13an amaituko da 'Ganado o desierto' filmarekin. Saioak Elgoibarko Herriko Antzokian izango dira, 21:00etan.