Idotorbe baserri-auzoan dauden baserriotarako bideak hobetzeko eta zabaltzeko lanak egin dituztela jakinarazi dute Udaletik, eta lanok inguru horretako bizilagunen eta bisitarien segurtasuna hobetzeko egin dituztela. "Baserri horiek lotzen dituzten bideek espazio mugatua zuten ibilgailuak eta oinezkoak gurutzatzeko, eta horrek segurtasun-arazoak sortzen zituen", adierazi dute. Bideen zabalera handitu dute, asfaltozko geruza berri bat bota eta areka berriak ipini dituzte, euri-uraren kudeaketa hobetzeko eta ufal arriskua arintzeko. Hobekuntza lanen kostua 28.000 eurokoa izan da, BEZa barne.
• Goikola baserrirako bideko konponketa lanak, bukatuta
Zortzi aste iraun ditu Goikola baserrirako bidearen birgaitze proiektuak. Meteorologiak baldintzatu duen arren, ez da zailtasun berezirik egon, eta hasieran markatutako helburu guztiak bete dituztela jakitera eman du Mendaroko Udalak. "Mendaroko hainbat baserritarako bideetan hainbat luizi izan dira azken urteotan. Posible da, gainera, fenomeno horien maiztasuna zuhaitzak moztearen ondorioz areagotu izana, horiek lurraren sostenguaren funtzioa betetzen baitzuten" esan dute Udaletik. 2022. urtearen amaieran gertatu zen azken lur-jausia Goikola baserrirako bidean. Ondorioz, udalak, urte hasieran, egindako azterlan geoteknikoa eskatu zuen, bidea egungoarekin paraleloan desbideratzeko asmoz. Azterlanaren emaitzak jaso ondoren, bidea birgaitzeko proiektua idazteko eskatu zion Mendaroko Udalak Hirubide Ingeniaritza eta Aholkularitzari.
Proiektuaren helburua bidearen desbideratzearen konponbidea zehaztea eta lur-jausiek sortu ahal izan dituzten drainatze-arazoak konpontzea izan da, eta zortzi hilabete geroago, "arrakastaz" bete dituzte hasieran finkatutako helburu guztiak. Birgaitze lanen aurretik zegoen bidearekin paraleloa trazatuz, egungo bidea desbideratu dute. Gainera, Goikola baserrirako eta Oleaga baserrirako bideetako arekak handitu dituzte. Horrez gain, mendi-hegalaren drainadura orografiara egokitu behar izan dute obran bertan.
Bertako urak jaso eta areka berrira joan daitezen eta hemendik aurrera Goikoa baserrira doan bidea ez kaltetzeko moldaketa dezente egin behar izan dira.
Asfaltados y Construcciones Morga enpresak egin ditu konponketa lanak, 90.577,72 euroko kontratazioaren bitartez. Egindako lan guztiak bukatuta, pozik agertu dira udal langileak; horrelakoetan meteoreologiak beti baldintzatzen duen arren, oraingoan ez da zailtasun berezirik egon.