Idazlea, ikerketa kazetaria eta kriminologo euskalduna da Ahoztar Zelaieta Zamakona (Bilbo, 1972). Politika eta ustelkeria gaietan aditua da eta hainbat liburu idatzi ditu, gazteleraz, gai horien inguruan: 'Residencias SA: el negocio de los cuidados en Euskal Herria', 'Zaldibar zona cero' eta 'El narco oasis vasco', besteak beste. 'La Ertzaintza que viene' izenekoa da kaleatu duen azkena, Txalaparta argitaletxearekin. Zelaieta aurrez ere egona da Elgoibarren bere liburuak aurkezten eta azkenengoa aurkeztera ere etorriko da, urtarrilaren 18an, eguena.
Kultur Etxeko hitzaldi gelan emango du liburuaren gaineko solasaldia. Azken hamarkadan Ertzaintzak darabilen teknologia aurreratuen inguruan gogoeta egingo du Zelaietak. Haren esanetan, adimen artifiziala, algoritmoak, komunikazioen esku-hartzea, identifikazio biometrikoa edo abangoardiako bideozaintza-sistemak baliatzen ditu Ertzaintzak eta teknika horiek eragin nabarmena dute giza eskubideetan eta askatasun zibiletan. Modernizazio hori, gainera, zaintzaren industria pribatuko erraldoien eskutik gauzatzen ari dela salatu du Zelaietak, "askotan aholkularitza-enpresa eraginkorren bitartez, eta euskal eta espainiar kargu politikoen ate birakarien kasu ugarirekin". Labur esanda, Ertzaintzaren garapen teknologikoari eta "haren opakutasunari" buruz jardungo da.