Martxoaren 20an ailegatuko da Korrika Elgoibar eta Mendarora, eguerdian

Barren.eus 2024ko urt. 11a, 12:01

Korrikaren ibilbide ofiziala ezagutzera eman du AEKk. Lekukoa Maltzaga aldetik ailegatuko da gurera, martxoaren 20an, eguaztena.

AEK-k gaur argitaratu duen Korrikaren ibilbidearen arabera, 12:09ean ailegatuko da lekukoa Olasoko industrialdera, soraluzearren eskutik.

Martxoaren 14an hasiko da euskararen aldeko ekimen erraldoia Irunen, eta martxoaren 24an bukatuko da Baionan, eta bidean Euskal Herri osoa gurutzatuko du, alderik alde. Gurera, martxoaren 20an iritsiko da, Soraluzetik, 12:09ak aldera. Elgoibar gurutzatu ostean Mendarorako bidea hartuko du 23. Korrikak. Aurreikusitako ordutegiaren arabera, 12:55ak aldera jasoko dute mendaroarrek lekukoa. Mendaron ere herri barrura sartuko da Korrika, eta eskuz esku ibiliko dute lekukoa, harik eta Sasiola inguruan debarrei utziko dieten arte. Debatik Mutrikura egingo du gero Korrikak, eta Lea-Artibai eskualdean barneratuko da gero.
23. ekitaldia du aurtengoa bi urtean behin egiten den euskaren aldeko AEKren ekimen handiak, eta 'Harro herri' du leloa. Ohi den bezala, omendu bat ere izango da: Azterketak Euskaraz kolektiboa, Baxoa eta Brebeta euskaraz egiteko borrokan aritu eta ari diren ikasleak, hain justu ere. Herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egiten dute Azterketak Euskaraz kolektibokoek, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik eta beren emaitza akademikoetan izan dezaketen kaltea onartuta.

∞ Lotura duten albisteak: