Elgojaiotza taldeko kideek atzo zabaldu zuten San Bartolome parrokiako jaiotza mekanikoa. Maialen Gurrutxaga alkateak jarri zuen martxan eta aurtengo berrikuntzen berri eman zuten Elgojaiotzakoek.
Aurtengo jaiotzak mugimendudun bi figura berri dauzka, lanean ari den tornero bat eta harri multzo baten gainean eserita dagoen artzaina. Horrez gain, iturri txiki bat ere ipini dute. Berrikuntzez gainera, aldaketa txiki ugari izaten direla urtero nabarmendu zuten Elgojaiotzakoek, "aldaketa txikiak, baina jaiotzari bizia ematen diotenak, beti ari baita eboluzionatzen". Urtebetean geldirik egon eta gero, figura batzuk berriro martxan jartzeko "egoskortzen" direla zehaztu zuten, eta doitze lanak egin behar izaten dituzte "dena hobeezin egoteko".
Elgojaiotzako Txomin Zabaletak eskerrak eman zizkien parrokiari eta Udalari eta baita proiektu hau beste urte batez aurrera atera dadin lagundu duten pertsona eta erakunde guztiei ere. Eta, aipamen berezia egin zien jaiotza egunero irekita egotea ahalbidetzen duten zaintzaileei. Zabaletak gogora ekarri zuen 800 urte betetzen direla Asisko Frantziskok lehen Belena muntatu zuenetik. "Gureak 43 urte betetzen baditu, aurten 800 urte betetzen dira Asisko San Frantziskok Belenen gertatutako misterioa Gretzioko herritarrei ikusarazi nahian, jaiotzaren lehen antzezpena egin zuenetik. Bere jarraitzaile apal geranez, aipatu beharrekoa zen. COVID izurritearen ondoren gizarte hobeago bat izango ginela entzuten zen nonnahi, eta egun mundu bortitz eta ilunago batean bizi gara. Itxaropena behar dugu, eta neguko solstizio ilun honen erdian, gure jaiotza maitearen argia piztu nahi dugu, bake desioaren ezaugarri".
Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak sakatu zuen jaiotza mekanikoari bizia eman zion botoia, Elgojaiotzakoek eta parrokiakoek egiten duten lana balioan jarri ostean.