Pasa den urriaren 23an, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtea amaitu aurretik 113 lanpostu publiko plaza berri betetzeko deialdia luzatuko duen berria plazaratu zuen.
Eskainiko diren plaza hauen inguruan aldundiak hartu duen eta bereziki arduraz betetzen gaituen xehetasun baten berri ere eman zen. Eskainiko diren lanpostuei ezarriko zaien euskara eskakizunen ingurukoa da gure kezka.
Izan ere, 113 lanpostu horien % 34an atzeratu egingo da euskara-eskakizunaren nahitaezko izaera, eta, teorian, epe bat emango da hori egiaztatu ahal izateko. Errealitatean badakigu ezarritako epe horiek ez direla inoiz betetzen.
Praktikan, albiste honek, suhiltzaile zerbitzuari dagokionez, eskaintzera doazen 68 lanpostuetatik 23k derrigorrezko euskara-eskakizunik ez duela izango esan nahi du.
Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzua Euskal Herrian bere irrati komunikazioetan euskara hutsean lan egiten duen zerbitzu bakarra da. Horretaz gain, ia langileria guztia euskalduna izateak zerbitzu barruko harremanak, bilerak, formakuntzak euskaraz egin ahal izatea bermatzen du.
Bestalde, emergentzia zerbitzu bat garen heinean, errealitate horrek herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua euskaraz egin ahal izatea bermatzen du.
Aldundiak erabaki hori hartzeko arrazoia lanpostu eskaintza publikoetan epaileek euskara-eskakizunen aurka hartutako erabakietan oinarritzen da. Egoera horri aurre egiteko, aldundiak postu guztien herena euskara-eskakizunik gabekoa izatea “mal menor” bezala saldu nahi du.
Errealitateak, ordea, krudelki erakusten digu lanpostu horietan euskaldunak ez diren langileak sartzen badira zerbitzuak euskaldun izaera hori galduko duela. Izan ere, langile horien eskubidea izango da irrati komunikazioak gaztelaniaz jasotzea, formakuntza eta bilerak gaztelaniaz burutzea…. Gainera, jakina da edozein taldetan (berdin dio zenbatekoa den taldea) euskaraz ez dakien bat egotea nahikoa dela taldearen harreman hizkuntza gaztelania izatera pasatzeko.
Aldundiaren erabakia, gainera, ez dator bat suhiltzaile zerbitzuak eginiko barne azterketan ateratako ondorioekin, zeinetan zerbitzu euskalduna izatea indargune bat bezala definitu zen eta izaera hori mantentzeko nahia eta konpromisoa adierazi zuen.
Beraz:
- Non geratzen da funtzionarioen euskalduntze prozesua?
- Non geratzen da herritarrek emergentzia zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea?
- Non geratzen da suhiltzaileen eskubidea euskaraz bizi eta lan egiteko?
Erabat euskalduna den zerbitzu batean atzerapauso handia litzateke hizkuntza errealitate hau aldatzea.
Horregatik guztiagatik, aldundiari lanpostuen euskara-eskakizunen inguruan orokorrean, eta suhiltzaile zerbitzuari dagokionean bereziki, hartutako erabakiaren inguruko hausnarketa egin dezala eta plaza guztiek derrigorrezko euskara-eskakizuna izan dezatela eskatzen diogu.