Zozketa

Carmen Paris, Anari, Forsman eta Devaux Soraluzeko Blues Hotsak jaialdian

BABESTUTAKO EDUKIA 2025eko azaroaren 15a

Carmen Paris. Iturria: Blues Hotsak.

Azaroaren 21etik 23ra bitartean, Blues Hotsak jaialdiaren 7. edizioa egingo da Soraluzen Errabal Jazz elkarteak antolatuta. Kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude jaialdiaren webgunean eta Barren.eus-ek bi sarrera zozkatuko ditu kontzertu bakoitzerako. 

 

Zazpigarren edizioa nobedadez bete-bete eginda dator: hamabi kontzertu, argazki erakusketa, liburu aurkezpena, film proiekzioa, harmonika eskolak, jam sessiona, trikuharrietarako bisita, eskaintza gastronomikoa… "Urtetik urtera hazten doan ekimena da Blues Hotsak eta dagoeneko festibal sendo baten izaera du", azpimarratu Ubane Uzinek, Errabal Jazzeko kide eta Blues Hotsak jaialdiaren antolatzaileak.

Ina Forsman, Anari, Carmen Paris, Devaux…

Aurten ere maila handiko musikariak etorriko dira Soraluzeko Blues Hotsak jaialdira. Guztien artean, bereziki aipagarriak dira lau musikari, azaroaren 21etik 23ra, barikutik domekara bitartean, antzokian jardungo dutenak: Ina Frosman finlandiarra, Europako bluesaren ordezkari gorenetakoa (bariku iluntzean); Anari, euskal musikako ahots pertsonal eta garrantzitsuenetakoa (zapatu arratsaldean); Carmen Paris, abeslari eta konpositore kataluniarra, jota eta folkloreari aire berria ekarri diona (zapatu iluntzean); eta Quinn Devaux estatubatuarra, Soul, Funk eta R&B musika lantzen dituena (domeka iluntzean). Lau musikari hauen kontzertuak ordainpekoak izango dira.

Kontzertu gastronomikoak 

Asteburu horretan zehar, kaleko musika eskaintza ere ugaria izango da. Hala, zapatu eguerdian, Musika Eskolako ikasleen konboak antzokian eskainiko duten emanaldiaren ostean, “kontzertu gastronomikoa” (tabernetan pintxo bereziak debalde) eskainiko du Mississipi Queen & The Wet Dogs taldeak kontzertu gastronomikoa eskainiko du Zubian eta arratsaldean, Iker Piris & Dual Electras taldeak jam session saioa Gaztetxean.

Domekan, kaleko eskaintza are ugariagoa izango da. Izan ere, eguerdi partean, ordubeteko aldearekin eta herriko leku ezberdinetan hiru talde izango dira: Joan Pau Cumellas & Tofol Martinez (Etxaburuetan), Susan Santos (Santa Anan), Maria Carbonell Blues Mod (Plaza Zaharrean).

Harmonika ikastaroa

Urriaren 22an, Joan Pau Cumellas musikariak harmonika ikastaroa eskainiko du pertsona helduentzat. Egun bakarreko ikastaroa izango da, goizez eta arratsaldez. Bertan, “Bluesetik abiatuta, melodiak, inprobisazioa eta interpretazioa hobetzeko teknikak ikasiko dituzte, instrumentu honen maisu gorenetako batekin”. Parte-hartzaile bakoitzak C (do) tonuko harmonika eroan beharko du. Ondoren, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute, iluntzean Gaztetxean egingo den jam session saioan.

Asteburu honetan Erromintxela

Jaialdiaren aurreko asteburuan hasita, bestelako hainbat kultur ekitaldi ere programatu dituzte. Hala, azaroaren 16an, domekan, trikuharrietarako bisita egingo dute eta ondoren, eguerdian, Arrasateko Erromintxela swing taldeak kontzertua eskainiko du Plaza Zaharrean. Astelehenean, Oihane Amantegi idazlearekin solasaldia izango da Ibaiertzeko ipuina liburuaren inguruan eta eguaztenean, Whiplash filma proiektatuko da kontatzen duen arrakasta bilatzen duen jazz bateria-jotzaile gazte baten istorioa.

Sarrerak salgai 

Sarrerak dagoeneko salgai daude Iratxo goxodendan eta interneten, 15 euroko prezioan.

Iaz bezala, kontzertuetako sarrera bakoitzeko euro bat Soraluzeko Baso Biziak elkartera bideratuko da eta diru horrekin bertako zuhaitzak landatuko dituzte mendian.

Bestalde, antolakuntzak jakinarazi duenez kontzertu nagusiek irauten duten bitartezn, debaldeko haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute (izen-ematea Iratxo Goxodendan).