Atharratzetik Bilbora joango da Korrika, martxoaren 19an hasita

Barren 2025eko azaroaren 13a

Euskara gara lelopean, Korrikaren 24. edizioa aurkeztu dute Gasteizen. Errigora ekimena omenduko dute aurten, Nafarroa hegoaldean euskararen alde egindako lanagatik.

2026ko martxoaren 19an abiatuko da Korrikaren 24. edizioa, Atharratzen, Zuberoan. Euskararen alde bi mila eta bostehun kilometro egin ostean Bilbora helduko da, eta bertan egingo da amaiera jaia hilaren 29an. Gaur aurkeztu dute edizio berria Gasteizen, Izaskun Arrue Kulturgunean (IAK). Ibilbide osoa, baina, beranduago jakinaraziko dute.

Lehen aldia da Araban aurkezten dena. Ane Pedruzo eta Jon Basagurenek aurkeztu dute, Korrika beti aurrerantz doala gogoratuz, "hizkuntza eskubideetan atzerapausorik ez dugulako onartuko". Gasteizko euskalgintzako ordezkari ugari bildu dira IAKn.

AEKren nazio kontseiluko Maialen Begiristain eta Lurdes Etxezarretak hartu dute hitza, eta azpimarratu dute euskara euskaldun guztiontzako aterpe dela, denontzako lekua dagoela bertan, "berdin dio zein diren jatorri, azal-kolore edo euskararekiko ezagutzak". Garazi Arrulak aurreko Korrikaren amaieran adierazi zuen bezala, "mundu oso bat kabitzen baita euskaran". Euskaraz eroso eta aske bizi ahal izatea du helburu Korrikak, Etxezarretak nabarmendu duenez. Baina presa dugula ohartarazi du. "Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea". Larrialdi linguistikoan gaudela-eta, ziklo berri bat abiatzeko beharra aldarrikatu du.

Ane Elordik, Korrikaren arduradunak, aurkeztu du aurtengo leloa: Euskara Gara. Tipi-tapa, euskararen alde 11 egun eta 10 gau emango ditu Korrikak Euskal Herri osoan zehar, Bilbora heldu arte. "Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga bat, euskara arnasa da. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izatea nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da".

Aurtengo mezua

Elordik zabaldu du Korrikaren aurtengo mezua:

"Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua. Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.

Ongi etorri nire etxera, gure etxera. Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera. 

Zu eta ni euskara gara. Bat gara. Milioi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara. Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara, elkarrekin sortuko dugun etorkizuna. Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara. 

Eman hitza, eta eman pausoa, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea. Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea. Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia. Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok, euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok... Guztiok herri bat gara. Euskara gara.

Aditu Korrikaren deiadarra. Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra. Piztu da Korrikaren garra!"

Errigorari gorazarrea

24. Korrikak Errigora ekimena omendu nahi izan du, "euskaratik, euskararentzat eta euskaraz" lanean aritzeagatik. Nafarroan euskara ofiziala ez den eremuak euskalduntzen egindako esfortzua aintzat hartzeko, eta "baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere". 

Korrika lagundu eta jarraitzeko moduak

Aurreko Korrikak 1.700.000 ikustaldi izan zituen, eta aurten ere izango da Korrika zuzenean jarraitzeko aukera. Korrikaren webgunean, Youtuben edota Korrikaren aplikazioan. Korrikari buruzko albiste eta nobedade guztiak iragarriko dituzte doako aplikazio berrian, eta deskargatu edo eguneratzeko deia egin dute, eskuragarri baitago jadanik.

Bestalde, Korrika dendak ere badaude zabalik hiriburuetan, eta online-denda ere gaurtik aurrera egongo da martxan. Petoak erosteko aukera dago jada, diseinu berriarekin. Berritasun gisa, bizkarrekoek segurtasun banda koloretsua dute aurten, gauez korrikan ari direnak ikusgarri egiteko asmoz. Petoa, arropa eta bestelako osagarriak eskuragai daudela adierazi dute.

AEK-k jendaurrean aurkeztu du 24. Korrika. Hona aurkezpen-ekitaldia (04:32an hasten da):