Gaur (azaroak 7), 18:00etatik aurrera, zirkulazio osoa berreskuratuko dute Deba eta Itziar lotzen dituen errepideko bi erreiek, mendi-hegala eta Irulearen begiratokia eusteko horma egonkortzeko lanak amaitu ondoren.
Gogorarazi dutenez, urtarrilaren 27an gertatutako lerraduraren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak bederatzi hilabete baino gehiagoz "konplexutasun tekniko handiko hainbat lan egin ditu" eremuaren egonkortasuna bermatzeko. Mendi-hegalean hautemandako mugimenduen ondorioz, errepidea erabat itxi behar izan zuten apirilean, eta larrialdiko jarduketa bat aktibatu behar izan zuten; guztira 1,8 milioi euro inguruko inbertsioa behar izan du.
Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak esku-hartzearen konplexutasun teknikoa eta egin duten ahalegina azpimarratu ditu: "Eremu bereziki delikatua da, eta obrek teknikoki eta giza baliabideen aldetik ahalegin handia eta inbertsio asko behar izan dute. Arretaz jarraituko dugu tartearen bilakaera, epe ertain eta luzera prebentziozko jarraipena beharko baitu". Hilabete hauetako lanek sortutako eragozpenak ere aitortu ditu Urkolak: "Badakigu jarduera horrek eragozpenak sortu dituela bai bizilagunentzat, bai inguruko enpresentzat, baina lehen unetik segurtasuna bermatzea eta berme guztiekin jardutea izan da lehentasuna".
Fase ezberdinetan
Lanak hainbat fasetan egin dituzte. Hasiera batean, larrialdiko jarduketa bat egin zuten gehien kaltetutako eremua saneatzeko, material ezegonkorrak kenduta eta hormigoizko eustormak instalatuta. Aldi berean, azterketa geoteknikoak egin zituzten, lurrak mugimenduak jasaten jarraitzen zuela eta eusteko neurriak indartu behar zirela baieztatzeko.