Biharko deitutako grebak eta lanuzteek eragina izango dute garraio publikoan

Barren 2025ko urr. 14a, 12:08

Bihar (urriak 15) gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituztela ohartarazi dute Euskotrenek eta Lurraldebusek.

Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk, LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiruk, hiru orduko lanuzteetara deitu dute biharko, urriaren 15erako —ELAk bere aldetik egin du deialdia—, Palestinari elkartasuna adierazteko. Eta are indartsuagoa izango da lanuztea hezkuntzan, LABek eta Steilasek deituta, greba egun osokoa izango baita.

Horiek horrela, mobilizaziorako deialdiak eragina izango du garraio publikoan ere. Euskotrenek, adibidez, gutxieneko zerbitzuak (%30) bermatuko dituela jakinarazi du. Lanuzteek honako zerbitzu hauei eragiten diete: trenbidea (Bizkaia eta Gipuzkoa), metroa (Bilboko 3. linea), tranbiak (Bilbo eta Gasteiz), funikularra (Larreineta, Trapagaranen) eta autobusak (Euskotrenek Bizkaibus eta Lurraldebusentzat emandako zerbitzuak, eta Zamudioko Parke Teknologikorako, Usansoloko Ospitalerako eta Larreineta-Zugaztietako tren/funikularraren zerbitzu osagarriak). Informazio gehiago nahi izanez gero, erabiltzaileek 944 33 33 33 telefono zenbakira deitu edota www.euskotren.eus webgunera jo dezakete.

Ildo beretik, Lurraldebuseko autobusek ere gutxieneko zerbitzua emango dute bihar. Esteka honetan kontsulta daitezke ordutegiak.