Zabalik da Debabarreneko Esperientzia Eskolan matrikulatzeko epea

Barren 2025ko urr. 9a, 12:11

Eskaintza 55 urtetik gorako herritarrentzat da, erretiro aurreko egoeran zein erretiroan daudenentzat. Izena emateko epea urriaren 15ean amaitzen da.

2025-2026 ikasturtea hastear da Ikasten Elkarteak antolatzen duen Debabarreneko Esperientzia Eskolan. Arduradunek jakinarazi dutenez, 21. promozioa 2025eko urriaren 21ean hasiko da eta 2026ko maiatzaren 22an amaituko da.  

Azaldu dutenez, Debabarreneko 55 urtetik gorako pertsonei dago zuzenduta "formazioa eta parte hartzea ardatz dituen" eskaintza. Saioak astean hirutan izaten dira Eibarren. Astearte eta asteazkenetan 09:30etik 12:30era elkartzen dira Untzaga Zentro Sozialean eta, ostegunetan, berriz, 10:00etatik 12:00etara, Armeria Eskolan. "Eibarren gaude, baina bailara osoko pertsonentzat dago irekia", azpimarratu dute. 

Urriaren 15ean amaitzen da ikasturte berrian izena emateko epea. Interesa dutenek Eibarko udaletxean (Pegoran) egin ditzakete izapideak edo Internet bidez, ikasten.info atarian sartuta. Ikasturtearten kostua 250 eurokoa da eta, zehaztu dutenez, lau zatitan egingo da ordainketa. 

Edozein zalantza edo informazio gehiago behar izanez gero,  esperientzaieskola@adindu.com helbide elektronikora idatz daiteke edo 695 78 89 36 telefono zenbakira deitu.