Debako bikoizketarekin batera, ETS 2023ko udatik ari da Altzolako mozketa-lanak egiten, 500 metroko trenbide bikoitzeko tunela eraikitzen, ibilbidea laburtzeko eta zerbitzua hobetzeko. Nabarmendu dutenez, "bi jarduketa horiek funtsezkoak dira Zumaia-Deba-Elgoibar eremuan zerbitzu hobea bermatzeko".
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Amenabar y Tecsa enpresek osatutako ABEEari esleitu dizkio Itziarko trenbidea bikoizteko lanak. Azaldu dutenez, aldi baterako enpresa-elkarteak 3,5 milioi euroko aurrekontua eta 14 hilabeteko egikaritze-epea ditu lanak egiteko. "Lanek trenbide-azpiegituraren edukiera handituko dute, eta, kasu honetan, gaur egun gaueko ordutegian egiten diren salgaien trenen zirkulazioak egunez egiteko aukera emango dute".
Trenbidea bikoizteko obrak Itziarren egingo dituzte, Zumaia eta Deba artean, Bilbo-Donostia lineako 72+509 eta 73+181 kilometro-puntuen artean, hain zuzen ere.
Jaurlaritzatik gogorarazi dutenez, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak "inbertsio-ahalegin handia" egin du azken urteotan ETSk kudeatutako egungo trenbide-azpiegituraren ahalmena hobetzeko, trazadura hobetzeko, trenbidea bikoizteko eta sareko geltokiak berritzeko hainbat jarduketaren bidez. Bada, jarduketa horien artean daude merkantzia-trenak eta bidaiarien trenen sarea ezartzea ahalbidetzen duten bikoizketa- edo gurutzatze-eremuak ezartzeko aukera emango dutenak. "Horrela, metro bateko zabalerako sarean merkantzien trafikoa bultzatu nahi da, eskari handieneko inguruneetan bidaiarien trafikoa maiztasun handiagoz egiteko sarearen gaitasuna handitzeko estrategiarekin bat etorriz", azaldu du Susana Garcia Chueca sailburuak.
Testuinguru horretan, gaur egun Bilbo-Donostia linean gaueko ordutegian egiten diren merkantzia-trenen zirkulazioak egunez eta bidaiarien trafikoan zirkulazio gutxiago dagoen orduetan egin ahal izango direla jakinarazi dute: "Jarduketa horren bidez, mugatu egingo da merkantzien gaueko zirkulazioek eta ETSk gauez egiten dituen mantentze-lanek dakarten eragina, eta, gainera, merkantzia-trenak gauez herrigune garrantzitsuetatik igarotzea saihestuko da". Horrekin batera, eskari handieneko inguruneetan bidaiarien trafikoa maiztasun handiagoarekin eskaintzeko aukera emango duela ere azpimarratu dute.