Dentsiometroa instalatu dute Eibarko Ospitalean, hezur-gaixotasunen diagnostikoa hobetu eta arintzeko

Barren 2025ko ira. 11a, 12:39

Eibarko Ospitalean ipini duten dentsiometro berria. Irudia: Osakidetza

Debabarreneko zein inguruko ESIetako pazienteak artatuko ditu Eibarko Ospitalean ipini duten dentsiometro berriak. Dentsitometria biztanleen % 75ek behar izan lezakeen proba bat izanik, instalazio berriak hezurretako gaixotasunen diagnostikoaren irisgarritasuna areagotuko du.

Irailaren 16tik aurrera egongo da martxan densiometro berria, eta Debabarreneko biztanleez gainera Debagoienako eta Urola Garaiako pazienteak ere artatuko ditu. Hala, Gipuzkoa osoko beharrei erantzuten dien Donostialdeko ESIren karga arinduko du.

Osakidetzatik jakinarazi dutenez, dentsiometroa funtsezko tresna da hezur-dentsitatearekin lotutako gaixotasunak (osteoporosia, osteopenia...) goiz detektatu eta ebaluatzeko. Eibarren instalatu berri denak aukera emango dio Debabarreneko ESIri haustura arriskuaren aurrean prebentzio- eta tratamendu-estrategia egokiak ezartzeko, bereziki adineko pertsonen eta menopausia osteko emakumeen kasuan. Erradiazio-dosi oso txikiak erabiltzen dituela azaldu dute, "errutinazko beste teknika erradiologiko batzuetan erabiltzen direnak baino nabarmen txikiagoak", eta pazienteentzako prozedura segurua eta azkarra izateaz gain, enbarazu gutxi eragiten dituela diote. 

Onurak paziente zein langileentzat

Dentsitometria biztanleen %75ek behar izan lezakeen proba izanik, instalazio berriak hezurretako gaixotasunen diagnostikoaren irisgarritasuna areagotuko du Debabarrenean. Horrela, arreta integrala eskaini ahal izango zaie pazienteei erradiodiagnostikoan, eta ginekologia, erreumatologia, traumatologia eta endokrinologia bezalako zerbitzuetan.

Asier Esnal Debabarreneko ESIko zuzendari gerenteak azaldu duenez, ekipamendu eta teknologia berriak funtsezkoak dira arreta medikoa hobetzeko, "diagnostiko zehatzagoak, tratamendu eraginkorragoak eta pazienteentzako segurtasun handiagoa" ahalbidetzen baititu. "Gainera, denborak optimizatzen dira eta gure profesionalei lana errazten zaie haien eraginkortasuna areagotzen duten tresna aurreratuekin", azaldu du Esnalek