Udan ere beharrezkoa da odola

Barren 2025ko uzt. 21a, 16:30

Ez da kontu berria, baina zoritxarrez, bai, urtero errepikatu beharrekoa: odol emateak nabarmen egiten du behera udan, nahiz eta ospitaleen premiak urte osoan berdin ibili.

Eskasia horri aurre egiteko, odol emaileen elkarteetatik odola ematera deitu dituzte herritarrak. “Urte osoan behar da odola, eta guk mezu hori zabaldu nahi dugu lehenengo eta behin. Datuek argi diote. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian biztanleen %2 gara odol emaile, baina lau lagunetik hiruk beharko dugu odola noizbait gure bizialdian. Odola behar izateko ez baita istripu larri bat izan behar. Belauneko ebakuntza baterako ere behar da odola, eta horren kontzientzia hartu behar dugu: behar dugunean izango badugu, eman ere egin behar dugula ahal dugunok. Eta bada beste kontu bat: odola urte osoan behar da; hemen ez dago oporraldirik”, esan du Alaitz Zubiaurre  Debabarreneko eta Debagoieneko odol emaileen elkarteetako ordezkariak.

Gipuzkoako datuei begira jarrita, eskualdeko herrietakoak jarri ditu mahai gainean Zubiaurrek, Eibar, Elgoibar, Soraluze, Mendaro, Deba eta Mutrikukoak, eta datuok erakusten dute 2023tik 2024ra, Elgoibarren, Mendaron eta Deban behera egin dutela odol emateek, eta, aldiz, hazkunde apal bat izan dela gainerako herrietan. Elgoibarren, 626 lagun hurbildu ziren odola ematera 2023an, eta horietatik 563k eman zuten, 26k lehenengo aldiz. Iaz, 25 lagun gutxiago hurbildu ziren odola ematera. Izan ere, 601 lagun joan ziren odola ematera, horietako 22 lehenengoa aldiz, eta 540k eman ahal izan zuten. Mendaron eta Deban ere 2023an baino odol emate gutxiago izan zituzten iaz: 114 Mendaron (136 izan ziren 2023an), eta 314 Deban (318, 2023an). Eskualdeko gainerako herrietan (Gipuzkoakoetan), emaitzak zertxobait hobeak dira, baina hala ere, “kontzientziazio lan handia” dago oraindik egiteko, Zubiaurreren esanetan. Soraluzen, esaterako, 2023an 190 lagun hurbildu ziren odola ematera eta 169k eman ahal izan zuten, zortzik estreinako aldiz. Iaz, berriz, 189 odol estrakzio egin zituzten eta 25 odol emaile berri izan zituzten. Mutrikukoak dira daturik onenak, baina dena da gutxi, premia zenbatekoa den kontuan hartuta. Hala ere, azkeneko urteetako joera negatiboari buelta eman diote eta hori bera bada itxaropentsu egoteko arrazoi bat, Zubiaurreren hitzetan. Mutrikun, iaz 210 odol emate egin ziren, 2023an baino 44 gehiago (%21), eta odola eman zutenetatik 27, gainera, odol emaile berriak izan ziren, lehenengoz eman zutenak. Eibarren ere, igoera txiki bat sumatu zuten, baina hutsa.

Gazteei deia

Zubiaurrek dei berezia egin die gazteei, etorkizuneko odol emaileen kopurua bermatzeko gakoa direlako.

Adinari eta sexuari erreparatuta, Elgoibarren, gizonezko odol emaile gehiago daude emakumezkoak baino, baina iazko lehenengo sei hiruhileko datuak aurtengoekin alderatuta, aldea murriztu egin dela esan behar da. 2024an odola eman zutenetako 183 gizonak izan ziren, eta 109 emakumeak, eta aurten, emakume odol-emaileen kopuruak gora egin du eta gizonenak apurren bat behera: 128 emakume eta 180 gizon. Adinari dagokionez, 48-58 urte bitartekoak dira odol-emaile gehienak: 292tik 92. Gazteagoen artean datuak kezkagarriak dira, eta horregatik gazte jendea animatu nahi dute elkartetik. Mendaron, eta adinari dagokionez, ez dago alde handirik  adin-tarte ezberdinen artean, eta joera nagusiaren kontrara, 38 urtez azpikoak dira odol-emaileen %57,14.

 

MENDAROKO DATUAK

 
 
ELGOIBARKO DATUAK