Deba eta Itziar lotzen dituen N-634 errepidea itxita egongo da ekainera arte gutxienez

Barren 2025ko api. 15a, 15:32

Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak iragarri duenez, errepidea ezin izango da erabat ireki "udazkena baino lehen".

Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez, N-634 errepidea erabat moztuta mantenduko dute Deba eta Itziar artean. Erakunde horretako iturriek azaldu dutenez, oraindik "ezegonkortasun konplexu eta aktibo larria" du Irulearen begiratokiaren parean urtarril amaieran gertatutako lur-jauziak kaltetutako ezpondak.

Hainbat lan egin dituzten arren, lur-mugimendu berriak atzeman dituzte, eta horiek errepideraino ailegatzeko arriskua dagoela-eta, bidea bi noranzkoetan itxita mantentzea erabaki dute, gutxienez ekainera arte, edo eremuaren "erabateko segurtasuna" bermatu arte.

Erantzukizunez jokatzeko deia

Foru Aldundiak ohartarazi duenez, errepidea erabat itxita egon arren eta hala dagoela adierazten duten seinaleak jarrita egonagatik, autoak eta kamioiak maiz igarotzen direla ikusi dute, baita txirrindulariak, mendizaleak eta erromesak ere. Hori dela-eta, herritarrei erantzukizunez jokatzeko eskatu diete, bertatik igarotzea arriskutsua baita.

Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak gogorarazi duenez, martxoaren 30etik ezin da eremu horretan ez ibilgailuz, ez bizikletaz, ezta oinez ere sartu. "Badakigu erabateko mozketa hau eragozpen handia dela Debako biztanleentzat, Itziarko industrialdearentzat, inguruetako enpresentzat eta kaltetutako auzoentzat, baina herritarrei eskatzen diegu seinalizazioa errespetatzea eta ingurura ez hurbiltzea segurtasunagatik".

Urkolak azpimarratu du aldundia "oso kontziente" dela neurriak herritarrengan duen eraginaz, baina une honetan lehentasuna "segurtasunak" izan behar duela oroitarazi du. "Ahalik eta zuhurtzia gehien eta lankidetza eskatzen dugu. Hasiera-hasieratik, eskura ditugun baliabide guztiak aktibatu ditugu, eta lanean jarraitzen dugu normaltasuna lehenbailehen berreskuratzeko. Larrialdiko jarduera hori baliabide gehiagorekin indartzen da orain, lerraduraren magnitudea hasieran aurreikusi zitekeena baino askoz handiagoa izan baita".

Larrialdiko jarduketa

Aldundiak, guztira, 1,8 milioi euroko aurrekontua onartu du larrialdiko jarduketa horretarako. Hasiera batean bideratutako 600.000 euroei beste 1.214.834 euroko gastu gehigarria gehitu behar zaie. Gastu hori Foru Gobernuaren Kontseiluak onartu du, esku-hartzea bere osotasunean osatzeko.

Obrak zatika gauzatuko dituzte. Lehenengoa, jada osatua, lurrak mugitzeko lanak izan dira, eta, horiei esker, lerratutako masa kendu ahal izan dute –lurrez, pinuz eta beste material batzuez osatua–, eta mendi-hegaleko eremu ariskutsuenean aritu dira lanean.

Datozen asteetan, berriz, ezpondaren mendebaldeko muturrean euste-lanak egingo dituztela aurreratu dute, ekainaren erdialdetik aurrera txandakako pasabidea izango duen errei bat ireki ahal izateko, "betiere lurraren baldintzek eta meteorologiak ahalbidetzen badute".

Hasierako fase horrek gunitatzea, 12 metroko buloiekin ainguratzeak eta 50 metroko mikropiloteen pantaila bikoitz bat jartzea aurreikusten ditu, hori guztia lerraduraren aitzinamendua geldiarazteko. Geroagoko fase batean, buloiekin indartutako sare-sistema bat jarriko dute.

Zerbitzu teknikoek argitu dutenez, pitzadurak, ur-iragazketak eta tresna topografikoen bidez hautemandako mugimenduak daude eremu kaltetuan. Mendi-hegalaren mugimenduak monitorizatzen ari dira uneoro, eta kontrol topografikorako zenbait diana ere instalatu dituzte, mendi-hegalean zein jarduketa-eremuan egon daitezkeen deformazioak kontrolatzeko.

Urkolak aditzera eman duenez, mugitutako lurraren bolumenak eta deformazio-abiadurak bideraezina egiten dute une honetan bidea bermeekin berriro irekitzea. “Dena obren garapenaren, lurraren portaeraren eta denboraren araberakoa izango da. Errepidea ezin izango da erabat ireki udazkena baino lehen”, adierazi du.