Kalamuara ibilaldi solidarioa antolatu du animaliak babesteko Marcan Huella elkarteak

Barren 2025ko api. 15a, 14:23

Marcan Huella animalien babeserako elkarteak Ibilbide Solidarioaren seigarren edizioa antolatu du maiatzaren 25erako. Kalamua mendira egingo dute aurtengoa. Ekimen honen helburua Debabarreneko txakur abandonatuentzako dirua biltzea da.

Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da Marcan Huella, 2014ko martxoaren 30ean sortua, Ermuan. Elkartearen helburu nagusia da Debabarrena eskualdean abandonua eta tratu txarrak jasan dituzten txakurren segurtasuna eta ongizatea bermatzea.

Urtean zehar askotariko ekintzak antolatzen dituzte, "animaliei zor zaien tratu onaren gaineko kontzientzia sortzeko, txakurrak nola zaindu behar diren aholkatzeko eta txakur jabetza arduratsua bultzatzeko", besteak beste. Helburu horiek gauzatzeko dirua batzeko ekintzak ere egiten dituzte, produktuen salmenta eta zozketen bidez, edota Ibilaldi Solidarioa moduko ekintzak antolatuta.

Seigarrengoz antolatuko dute aurtengoa, 2019az geroztik egingo duten aurrenekoa. Ixuatik Kalamuara egingo dute ibilaldia txakurekin, maiatzaren 25ean, eta parte hartzeko txartelak salgai dituzte dagoeneko. Elgoibarren Kima Bioestetikan salduko dituzte, Ermuan Sferiko kirolak eta txakurtxokon eta Eibarren Burbujas y mas-en eta +Qwapos-en. Txartelok 7 euroan salduko dituzte, eta partaideek pintxoak, freskagarriak eta alda jasoko dituzte trukean ibilaldian.

Batzen duten dirua eskualdeko txakur abandonatuei laguntzeko erabiliko dutela azaldu dute elkartetik. "Babeslekurik ez dugunez, harrera etxeetan eta txakur hoteletan hartzen ditugu txakurrak, behin betiko etxe bat aurkitzen diegun bitartean, eta helburu hori lortzeko lanak dakartzan gastuei aurre egiteko, ezinbestekoak ditugu bazkideen ekarpena, partikularren diru laguntzak eta gure asmoak betetzeko dirua lortze aldera antolatzen ditugun ekitaldi guztietan lan egiten duten boluntarioen ahalegina".

2017an Kalamuara egin zuten ibilaldi solidarioko irudiak. Arg: Marcan Huella.