Eguenean eta zapatuan igaroko da Itzulia Mendarotik eta Elgoibartik

Barren 2025ko api. 9a, 14:19

Euskal Herriko Itzulia Elgoibartik igarotzen, artxiboko argazkian.

Gipuzkoan dabil gaur Euskal Herriko Itzulia. Zarautzen hasi eta Besainen amaituko da gaur etapa, 156 kilometroko eginda, eta bihar, Mendarotik eta Elgoibartik pasatuko da. Beasainen hasi eta Markina-Xemeinen bukatuko da biharko etapa. Zapatuan bigarrengoz ikusi ahal izango dugu tropela gure herrietan.

Txirrindulariak 13:03an abiatuko dira bihar, Beasaindik. Irteera neutralizatua izango da Salbatorera arte, eta han hasiko da lehia. 169,59ko kilometroko ibilbidea osatu beharko dute bihar, eta Markina-Xemeinen bukatuko dute Itzuliko laugarren etapa izango dena. Bidean, hainbat gain igo beharko dituzte. Asentzio izango da lehenengoa (568 metro), 44,2. Kilometroan. 9,7 kilometroko igoera da, %3,6ko batez besteko pendizekoa. Handik Bizkaira sartuko dira txirrindulariak. Berriztik Muniketako gaina igoko dute (334 m. / %7,3ko pendiza), hirugarren mailako mendatea, eta helmugara bitartean hirugarren mailako beste lau mendate gainditu beharko dituzte: Bizkaiko Behatokia (430 m. / %4,3), Gontzugarai (349 m. / %6,5), Lekoitzegane (349 m. / %7,6) eta Milloi (164 m. / %4). Milloitik Ondarrura jaitsi eta kostaldetik sartuko da gurera tropela, Mutrikutik. 16:30ak aldera espero da Mendarotik pasatzea eta zuzenean etorriko dira handik Elgoibarrera, Eibarren Ixua igotzeko. Elgoibarren, Sigman, eguneko bigarren esprint berezia jokatuko dute. Ixua igoko dute gero, lehenengo mailako mendatea, baina igoera ez da errepide nagusitik egingo, baizik eta Matsariako industrialdetik gora. Errepide estua da, %20ko maldak dituena.

Zapatuan berriro izango da Itzulia gure bueltan

Zapatuan jokatuko da Itzuliko azken etapa, etapa erabakigarria. Eibarren hasi eta bukatuko da, 153,6 kilometroko bidea eginda. 13:15etan abiatuko dira txirrindulariak Eibarko Untzaga plazatik eta zazpi mendate igo beharko dituzte: Elkorrieta (3. Mailakoa), Azurki (2), Krabelin (1), Trabakua (3), Karabieta (2), Ixua (1) eta Trabakua (3). Bidean birritan igaroko dira Elgoibartik eta behin Mendarotik. Eibartik Itzirrera bidean pasatuko dira estreinakoz Elgoibartik, 13:42ak aldera. Mendaron, 13:51ak aldera espero dira eta handik Sasiolan gora egingo dute, Elkorrietako gainerantz. Azurkitik barrena itzuliko dira Elgoibarrera, Azkarate berritik. Bigarren buelta horretan, 14:32ak aldera pasatuko dira Elgoibartik, Eibarrerantz.