Aste Santuko sei jai-egunetarako greba iragarri dute Avanza autobus enpresako beharginek

Barren 2025ko api. 9a, 13:46

Avanza autobus enpresako ELA, Aurrera eta LAB sindikatuek beste sei greba egunetarako deia egin dute, apirilaren 16tik 21era.

Azaldu dutenez, lanaldiaren arloan akordioak lortzeko enpresak duen "borondate eza" eta Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresarekin duen "konplizitatea" ikusita hartu dute erabakia.

Atzo, martitzena, Avanzako Enpresa Batzordeak prentsaurrekoan gogora ekarri zuenez, "berriki salatu" dituzte "Lan Ikuskaritzan Avanza enpresako (Lurraldebus) gidarien gehiegizko lanaldiak". Datutan, diote "hitzarmenean jasotako urteko 1.650 gidatze orduei beste 200 lan ordu baino gehiago gehitu" behar zaizkiola, "urtean guztira 1.870 lanordu izateraino kasu batzuetan".

Avanza beste bost urtez

Esandakoaren arabera, Ikuskaritzak, besteak beste, lanaldiari buruz negoziatzeko eskatu die aldeei, "baina oraingoz, 18 eguneko grebaren ondoren, enpresak urtean 10 orduko ordu murrizketa besterik ez du eskaini" eta Langile Batzordearen ustez hori "proposamen guztiz eskasa" da.

Testuinguru hori izanda ere, Avanza enpresari beste bost urtez luzatu zaiola autobus zerbitzu publikoaren kontzesioa esan dute, eta uste dute "onartezina" dela Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera. "Erabaki honekin enpresa saritzen ari da, eta lanaldiaren erregulazioaren arloko gutxienekoak urratzen jarraitzeko aukera ematen dio", salatu dute.

Horrekin batera, autobusen egoera ere ekarri dute mahai-gainera, esanez, Avanza enpresak Lurraldebusen kontzesioa kudeatzen duenetik, "flotak okerrera" egin duela.

Greba mugagabea

Bestalde, Avanza enpresako beharginek txalotu egin dute garraio publikoaren kostuaren murrizketa, herritar guztientzako doako eta kalitatezko garraio baten aldeko apustuarekin bat egiten dutela-eta. Halere, azpimarratu dute hori ezin dela "plantillaren lan baldintzen eta flotaren narriaduraren" kontura izan.

Horregatik guztiagatik Foru Aldundiari eskatu diote datozen sei eguneko greben ondoren gatazkari "irtenbidea" emateko, eta bestela, euren protestak gogortzea beste aukerarik ez dute ikusten. "Adierazitako arazoei irtenbidea emateko gai ez badira, udan greba mugagabea hasteko aukera dago".