Elgoibarko bertso-eskolako talde batek Gelatik Plazara sariketako finalean kantatuko du

Barren 2025eko martxoaren 14a

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertso eskolekin elkarlanean antolatzen duen Gelatik Plazara sariketako saioetako bat Mendaron egin zuten atzo, eta Elgoibarko bertso-eskolako talde bat sailkatu zen finalerako. 

Eskualdez eskualde, bederatzi kanporaketa izango ditu Gelatik Plazara sariketak, eta Debabarrenekoa atzo jokatu zuten, Mendaron, udaletxeko batzar aretoan, 17:30ean hasita. Mutriku, Mendaro, Elgoibar eta Soraluzeko bertso eskoletako kideak aritu ziren bertsotan (LHko ikasleak), bi-hiru laguneko taldetan banatuta. Talde bakoitzak ondorengo lanak egin behar izan zituen: etxetik ekarritako agurra kantatu, puntuari erantzun koplan, bi oin emanda kopla bat osatu, ofizioka egin Irune Basagoiti Mendaroko bertso-eskolako irakaslearekin eta gaia emanda kopla bat osatu. Fin aritu ziren bertsolari gazteak, eta lan zaila izan zuten epaimahaikideek, baina Elgoibarko bertso-eskolakoen lan ona saritu zuten. Oihane Meabebasterretxea, Naia Eizagirre, Sare Rubio eta Nora Garatek osatu zuten Elgoibarko taldea, eta martxoaren 30ean Bertsozale Elkarteak Alegin ospatuko duen Gipuzkoako bertso-eskolen egunean izango dute finala. Egun osoko jai-egitaraua antolatu dute Bertsozale Elkartekoek, eta tartean,  DBHko ikasleen kanporaketak ere izango direla aurreratu dute.