ELKARRIZKETA

Alaitz Zubiaurre: “Iruditzen zait odola emateko gai den guztiak eman beharko lukeela; gizartearekiko betebehar moral hori dugu”

Barren 2025ko mar. 7a, 10:33

Debako Odol Emaileen Elkartearekin lotura estua izan du beti Alaitz Zubiaurre Iriondok (Deba, 1978). Urte luzez aritu da herriko elkartearen jarduna gidatu duen lantaldean. Orain, berriz, Arantza Iriondo amari lekukoa hartuta, Debabarreneko eta Debagoieneko odol emaileen elkarteetako ordezkari kargua hartu du. Orain arte ikasitakoaz, bere egitekoaz eta aurrera begirako erronkez gogoeta egin du solasaldian.

Zubiaurrek "gogotsu" heldu dio kargu berriari. Debabarreneko eta Debagoieneko odol emaileen elkarteetako ordezkari izendatu berri dute, eta orain artean zeregin horietan aritu den bere amari, Arantza Iriondori, hartu dio erreleboa. Azken urtean elkarlanean aritu dira, trantsizioa errazte aldera; ama izan du irakasle eta laguntzaile. Aurreko urteotako ildo beretik, herritarrak odola ematearen beharraz kontzientziatzeko lanean jarraituko du aurrerantzean ere, taldekideekin elkarlanean. Azpimarratu duenez, hain zuzen, "batzuei ahaztu egiten zaie erantzukizuna guztiona dela". 

Urtarrilean jakin genuen Debabarreneko eta Debagoieneko odol emaileen elkarteetako ordezkari izendatu zaituztela. Zerk bultzatu zaitu kargua hartzera?
Ama egon da karguan orain arte. Iaz bailara mailan egin genuen bileran atseden hartzeko unea iritsi zitzaiola aipatu zuen, lekukoa beste norbaiti uzteko asmoa zuela mahaigaineratuz, eta nik neuk hartzea erabaki nuen. Behar bat zegoela ikusita, kargu horretarako nire burua aurkezteko pausoa eman nuen.

Azaldu zenuenez, azken urtean amarekin elkarlanean aritu zara.   
Bai, hala da. Ordezkaritzan lanean ari direnek ni kargura aurkeztea onartu zutenean, nire gain hartu nuen ordura arte amak egiten zituen lanak egiteko ardura, betiere bere sostenguarekin eta babesarekin. Beraz, ofizialki kargua duela gutxi hartu badut ere, iaztik nabil zeregin hauetan murgilduta.


Ordezkari postuari dagozkion ardurez eta zereginez harago, zer irakatsi dizu amak?
Asko irakatsi dit, baina batez ere borrokalaria izaten. Haurra nintzenean, gure aita zenak Debako Odol Emaileen Elkartearen ardura hartu zuen, eta ordutik familiak lotura estua izan du taldearekin. Aitari laguntzen aritzen zen ama, eta hark utzi gintuenean, kolpe gogorra jasan arren, amak lekukoa hartzea erabaki zuen, taldearen eta nire babesarekin. Egia esan, horrek asko esan nahi du niretzat; amak borrokalari izaten irakatsi dit, eta norberarengan ez ezik, besteengan ere pentsatzen. Bestalde, pertseberantziaz jokatu behar dugula ere ikasi dut, jendea kontzientziatu ahal izateko lan handia egin behar baita. Eta, nola ez, odol elkartearen oinarri den talde lanaren garrantziaz jabetu naiz. Hortaz, amak bizitzako edozein esparrutan baliagarriak izan daitezkeen balioak transmititu dizkit.

“25-40 urte bitarteko biztanleengan eragin nahiko genuke batez ere. Adin tarte horretan emaile kopuruak beherakada handia izan duela nabaritu dugu”

Zeintzuk izango dira zure egitekoak aurrerantzean?
Debabarreneko eta Debagoieneko hamar herritako elkarteetako ordezkari gisa aritzen naiz Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko batzordean; Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Antzuola, Elgeta, Bergara eta Oñati ordezkatzen ditut. Hilean behin gainontzeko ordezkariekin batzen naiz, Donostian, eta bertan sortzen diren ideiak, proposamenak... ordezkatzen ditudan herrietako arduradunei helaraztea da nire egitekoetako bat. Era berean, herri mailako elkarteen proposamenak, arazoak, kezkak... batzordera helarazten ditut, eta oinarrian taldekideei sostengua ematea da nire lana. Azken finean, guztiok gara elkarte berekoak, eta benetan garrantzitsua da talde lana.

Zer nolako lantaldea duzu?
Taldekide asko aurrez ezagutzen nituen eta hasieratik oso ondo hartu naute. Egia esan, lantalde polita osatzen dugu, oso rollo ona transmititzen didate eta beti daude laguntzeko prest. Oso erraza da haiekin lan egitea, eta esango nuke elkartzen garen bakoitzean lagun artean gaudela. Niretzat benetan garrantzitsua da giro ona izatea eta lantaldearekin eroso egotea. 

Zenbat urte egingo dituzu karguan?
Ez dakit zenbat denboran jarraituko dudan. Lanak eta gainerako gauzek uzten didaten bitartean, ordezkaritzan behar nauten denbora guztian egoteko asmoa dut. Printzipioz, taldekideek nik karguan jarraitzea nahi dute, orain arte bezala, gustura dauden seinale. Nolanahi ere, urteroko bileran nik badaezpada galdetuko dut ea inor prest dagoen karguan lan egiteko eta gustura ote dauden nire lanarekin.

Zeintzuk dira elkarteak ezarritako lehentasunak edo helburu nagusiak?
Oraindik ez dugu asmatu odola ematen ez duen edo noizean behin ematen duen jende horrengana iristen. Ez dakit kontzientziazio faltagatik edo utzikeriagatik den, baina ez dakigu nola iritsi odola emateko gai diren herritar guztiengana. 25-40 urte bitarteko biztanleengan eragin nahiko genuke batez ere. Adin tarte horretan emaile kopuruak beherakada handia izan duela nabaritu dugu, eta horiek berriz ere odola ematera erakartzea eta horretara ohitzea izango da erronka nagusienetako bat.

Debabarreneko eta Debagoieneko odol emaileen elkarteetako ordezkariak urteko batzarrean.


Zer diote gaur egungo datuek?
2023arekin alderatuta, Gipuzkoan odol emateek %4 egin zuten gora iaz; datu pozgarria da, baina azpimarratu nahiko nuke ez duela herri guztietako errealitatea islatzen. Ordezkatzen ditudan herri gehienetan gora egin du kopuruak, baina datuak ez dira hain onak izan leku guztietan. Mendaron, adibidez, odol emate kopurua %20 jaitsi zen iaz. Horregatik, argi dugu ezin garela erlaxatu; ahaleginak egiten eta lanean jarraitu beharko dugu. Nire ilusioa da beheranzko joera duten herrietako egoera iraultzea eta herri guztietan kopuruak goraka mantentzea.

Eta hori posible izan dadin, zer proposatzen duzu?
Jendeari etengabe gogorarazi behar zaio odola ematea denon ardura dela eta, horretarako, nahitaez, mezu hori behin eta berriz errepikatzea dagokigu. Batzuei ahaztu egiten zaie erantzukizuna guztiona dela eta, hori gogorarazten ez badiegu, ez dira odola ematera joaten. Iruditzen zait odola emateko gai den guztiak eman beharko lukeela; gizartearekiko betebehar moral hori dugu.

Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, ezta?
Zorionez, oso kontzientziatuta dagoen jende asko dago gurean, baina, tristea izan arren, beste batzuek uste dute odol beharrean egonez gero, ospitalera joan, besoa luzatu eta odola nahitaez (bai ala bai) jarriko dietela. Mexikon, adibidez, zuk odola behar baldin baduzu, beste pertsona bat eraman behar duzu odol bankura erreserbak manten daitezen. Hori hemen gertatuko balitz, zer? Askotan ez gara konturatzen, baina odol bankuan erreserbak egon daitezen, pertsona oso konprometituak eta konstanteak behar dira; jende eta odol emaileen elkarte askoren lana dago atzean. Gogorarazi nahi nuke odola emateak bizi asko salbatzeko aukera ematen duela. Ekintza oso erraza eta oso sinplea da, boluntarioa, eta ez zaio denbora askorik eskaini behar; asko jota, 20 edo 30 bat minutu besterik ez dira izaten, hiru edo lau hilabetean behin. Gainera, gauzak errazte aldera, norbere herrian ezin denean odolik eman, beste herri batean ematen da horretarako aukera.