Debabarreneko turismo webgune berria aurkeztu dute

Barren 2025ko ots. 28a, 11:59

Debabarrena Turismok bere atari digitala berritu du, komunikazio estrategia gaurkotasunera egokitu eta eskualdera etortzen diren turistentzat informazioa modu egoki, interaktibo eta erosoenean eskaintzeko helburuz. Webgune berritua dagoeneko ikusgai dago betiko helbidean:  debabarrenaturismo.com

Atzo, otsailak 27, egin zuten webgunearen aurkezpena berriki Deban ireki duten Hiru Uhinak hotelean, eta bertan izan ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo departamentuko ordezkariak, Debako alkatea eta udal ordezkariak, Debegesako lantaldea eta eskualdeko turismo arloko beste hainbat eragile ere.

Alazne Txurruka Debako alkateak eman zion hasiera ekitaldiari eta haren ondoren, Geaxi Uribarri Hiru Uhinak hoteleko arduradunak hartu zuen hitza. Proiektua 2021ean abiatu zutela azaldu zuen eta bidean izan dituzten zailtasunei buruz jardun zuen, besteak beste. 

Jarraian, Aitziber Cortazar Debegesako Turismo eta Garapen Jasangarriko departamenduko arduradunak eskualdeko turismoaren bilakaera datuak errepasatu ondoren, webgune berritu baten beharra berretsi zuen. "Denborak aurrera egin ahala, helmuga turistikoez jarduten duten informazio iturriak kontsultatzeko ohiturak aldatu egin dira eta horregatik beharrezkotzat jo dugu Debabarrena eskualdearen informazio turistikoa modu erakargarriagoan eskaintzeko gure euskarri digital printzipala eguneratzea".

Lehengo berdina

Jakinarazi dutenez, estekak berdina izaten jarraitzen du, debabarrenaturismo.com, hain zuzen ere. "Beraz, eskualdeko xehetasunak jakin, bisita planifikatu edo Debabarrena eskualdeari buruzko informazioa jaso nahi duen edonork jo dezake bertara", gaineratu dute.

Orain arteko informazio berbera aurki daiteke bertan, baina modu berritzaile eta erakargarriago batean: eskualdeko ostatuak, jatetxeak, ekitaldi gastronomikoak, Geoparkea, hondartzak eta igerileku naturalak, ibilbideak... agertzen dira bertan.

Azpimarratu dutenez, eskualdeko gastronomia sustatzeko apustu berezia ere egin nahi izan dute webgune berriarekin. "Klub gastronomiko bat sortu da eta, klik bakar batean, jatetxe bakoitzaren atzean dauden sukaldariak lehen eskutik ezagutu daitezke". Era berean, agenda eguneratuta izateko saiakera berezia egingo dela esan dute.

Nabigazio intuitiboa

Bestalde, webgune berria diseinatzerakoan, nabigazio intuitiboa lehenetsi dute, klik bakar batekin, bisitariek behar duten informazio guztia eskura izan dezaten, eskualdeko txoko eta jarduera esanguratsuenak nabarmenduz. "Gainera, orrialdea erabat moldagarria da gailu mugikorretara eta tabletetara, eta guztiontzat esperientzia erosoa eta eskuragarria izatea bermatuko da".