Langile Batzordeko ELA sindikatutik esandakoren arabera, ez dute enpresarekin “inolako akordiorik” adostu. Besteak beste, urteko lanordu kopuruarekin dute gatazka.
Gaur, goizaldeko 02:00etan hasi dute bost eguneko greba Avanza enpresako langileek. Hori horrela, datozen egunotan gutxieneko zerbitzuak bakarrik izango dira Avanzak Donostiara, Bilbora, Gasteizera, eta oro har, Debarroan eskaintzen dituen autobus zerbitzuetan. HEMEN KLIKATUTA ikusgai.
ELA sindikatutik jakinarazitakoaren arabera, herenegun, martitzena, izan zuten langileen ordezkariek Avanza enpresako ordezkariekin batzarra, ordura arte enpresak ez baitzituen deitu, nahiz eta langileek otsailaren 12tik eskatuta izan batzarra egitea.
Ordu kopurua gatazka iturri
Sindikatutik jakinarazi dutenez, negoziazio-mahaian duten puntu beroetako bat urteko lanordu kopurua da. Langileek urteko 1.592 lanordu eskatzen dituzte. Gainera prest daude ordu kopuru hori gutxika jaisten joateko.
ELAtik gaineratu dutenez, Gipuzkoako Diputazioarekin zein Jaurlaritzako Lan Delegaritzarekin egin dituzte gai horrekin lotutako bilerak eta Diputazioak ez die horretarako eragozpenik ipini. “Baina enpresatik kontrakoa diote; diote Diputazioa ez dagoela ados ordu kopuru horrekin; beraz, norbait gezurretan dabil, Diputazioa edo enpresa. Beraz, grebara goaz. Oraingoan, berezitasun batekin, UGT sindikatua greba deialditik desmarkatu egin baita”.