Eskualdeko afiliazio eta elkarteekin "lankidetza" sustatzeko estrategia lantzeari ekin dio EAJk

Barren 2025ko ots. 17a, 12:35

Debabarrena eskualdeko erronka politiko, sozial eta ekonomikoei aurrea hartzeko estrategia lantzen hasi da Gipuzkoako EAJ-PNV alderdia, eta, horretarako, Mendaro, Elgoibar, Mutriku, Deba, Soraluze eta Eibarko erakundeetako ordezkariekin topaketa egin du Gipuzkoako Buru Batzarreko presidente Maria Eugenia Arrizabalagak.

EAJtik jakitera eman dutenez, Debabarrenean eginiko topaketan Gipuzkoako Buru Batzarreko (GBB) eta Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Soraluze eta Eibarko alderdikideek parte hartu zuten, eta etorkizuneko ekintza-ildoak aztertzeko eta lantzeko elkartu ziren. Arrizabalagak konpromisoa hartu du gizartean, kulturan zein ekonomian sare berriak sortzeko, etorkizuneko abertzaletasunaren ikuspegi irekia ardatz. Gainera, herrigintza eraginkorra egiteko beharra azpimarratu du, epe motzeko arazoei erantzunez eta aldi berean ikuspegi estrategikoa izanez.

Eskualdean gauzatu nahi duten estrategiak hiru helburu nagusi dituela azaldu dute. Batetik, lurraldeko lehen indarra izatea esparru politikoan; bestetik, aldaketa eta berrikuntzaren eragile izaten jarraitzea, "gizartearen behar berriei erantzuteko eta ikuspegi irekia mantentzeko"; eta, azkenik, abertzaletasunaren etorkizuneko erronkei erantzutea, "ikuspegi euskaldun, ireki eta zabalago batetik lan eginez, modernitatearen eta tradizioaren arteko oreka bilatuz".

Arrizabalagak ohartarazi du Gipuzkoa ez dagoela salbu gaur egungo politika globalean populismoak eta demagogiak dakartzaten arriskuetatik. Fenomeno horiek sor ditzaketen polarizazioari eta desinformazioari aurre egiteko "benetakotasuna eta errealismoa" defendatzen ditu GBBko presidenteak. 

Debabarrenerako proiektu nagusiak

Debabarrena eskualdearen garapenerako proiektu estrategiko nagusiak ere mahai gainean jarri zituzten topaketan. Besteak beste, mugikortasun iraunkorra sustatzeko metropoli-tranbia eta bidegorri sarea garatzea, degradatutako lur industrialen berreskuratzea enpresa-lehiakortasuna sendotzeko eta berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko Hub BPTD ekimena garatzea. Era berean, eskualdearen lehiakortasuna eta bizi-kalitatea bermatzera bideratutako trantsizio energetikorako planak eta gazteen talentua erakarri eta atxikitzeko ekimenak landu zituztela jakinarazi dute. Ekintza horiek Debabarrena lurralde kohesionatu eta etorkizunera begira prestatuta dagoen eskualde bihurtzeko diseinatuta daudela zehaztu dute. Eskualdea indartu eta herri txikien erronkei erantzun egokia emateko beharraz ere berba egin zuten batutakoek, eta alderdiaren ikusgarritasuna eta abertzaletasuna suspertu eta dinamizatzeko ekimenak landu ere landu zituzten.