Bidaia geologiko, historiko eta paisajistikoa Debabarrenean

Barren 2025ko ots. 7a, 13:30

'Paisajes y parajes singulares del Bajo Deba' liburua argitaratu du Angel Maria Tobajasek, Morkaiko Leizarpe Espeleologia taldekoek 53 urteko landa-lanean bildutako informazioarekin. Debabarreneko ondare geologiko, historiko eta paisajistikoa ezagutarazteko bidaia da liburuan proposatzen diguna, bailarako geodibertsitateari lotutako ondare guzti horrek "bakarra eta parekorik gabea" egiten duelako Debabarrena. 

Zientzia dibulgaziorako idatzi du liburua, orain arteko gainerako guztiak bezala, baina azalpen didaktikoez gain, kexa eta aldarrikapenari ere egin dio lekua, iruditzen zaiolako, askotan, natura zaintzeko gutxieneko parametroak errespetatu gabe esku hartu dela gure paisaian. 'Leizarpe.blogspot.com' helbidean deskargatu daiteke liburua.

Geologiaren araberakoa da neurri handi batean paisaia, eta Debabarreneko geologia "askotarikoa eta berezia" da. Eskualde honetan bat egiten dute "bakarra eta parekorik gabea" bihurtzen duten hainbat faktore geologikok, eta balio horren parte bat aitortua du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen dute Geoparkea eta Flyscharen ibilbidea eta Karstaren ibilbidea proiektuak garatzera deituak daude, baina Tobajasen iritzirako, Geoparke honek ez du islatzen eta, are gutxiago aintzat hartzen, Debabarrenak duen aberastasuna eta konplexutasuna. Dio buru neke handirik hartu beharrik gabe beste lau ibilbide ere proposatu ahal izango lituzketela beren taldekoek Geoparkean sartutako udalerrietarako: Paleolitoko Ibilbidea, Ibilbide Espeologikoa, Lurpeko Uren Ibilbidea edo Iparraldeko Done Jakue Bidearen Ibilbidea, eta sinistuta daude Geoparkearen domeinua Debabarrena osora zabaldu beharko litzatekeela.

Angel Maria Tobajas Kilimoi errekako Ebroko zuloan.

Hori arrazoitzera dator liburua. "Eibartik Debara arteko hamabi kilometroko bidean gutxienez lau paisaia berezi ditugu: Eibarko Flyscha, Maltzagatik Elgoibarrerako paisaia bolkanikoa, Elgoibarko paisaia sedimentarioa, eta Mendaro eta Deba arteko paisaia karstikoa, eta guzti horietatik, paisaia karstikoa da, beharbada, denetan ezezagunena, ikusteko zailena delako".
Eibar-Deba artean ezagutu beharreko guztiaren inguruko jakingarriak bildu ditu Tobajasek liburuan, eta 96 plano eta 400 argazki baino gehiagorekin lagunduta eman ditu, "modu didaktikoan". "Helburu nagusia gure eskualdearen balio paisajistiko aparta ezagutaraztea da, eta, espeleologo gisa, bereziki gure paisaia karstikoa ezagutaraztea, 50 urteko eskarmentuak erakutsi digulako oso kaltebera dela. Paradoxikoki, kostaldetik hurbilen dauden Debabarreneko lau herrietako herritarrek eta kanpotik datozen turista guztiek karsteko lurpeko ura behar dute bizitzeko, baina oraindik ere etengabe gogoratu behar dugu bertan garatzen ari diren jarduera batzuk erabat jasanezinak direla gure akuiferoak eta ondare geologiko, paisajistiko, arkeologiko, historiko eta beste asko kontserbatzeko", dio. Haren iritziz, karstaren eta, batez ere, lurpeko karstaren ikusezintasunak laguntzen du hura degradatzen, eta horretan espeleologoek ere lagundu duten ustea du. "Lurpeko marabilak ezagutzera eman beharrean, ezkutatzera egin dugu, kontserbatzeko modurik onena izango zela pentsatuta, eta akats larria izan da. Ezagutzen ez dena ezin dela errespetatu dioen axioma berresten du horrek".
326 orrialdetako liburuan bildutako dena hona ekartzea ezinezkoa da, baina "marabilen" aukeraketa bat egin dugu, bere laguntzarekin.

EIBARKO FLYSCHA
Zalantzarik gabe Iberiar penintsulako eta nazioarteko flyschik ezagunena Euskal Kostaldeko Geoparkekoa da, Deba eta Zumaia artekoa, baina Eibarren ere badugu flyscha, Eibarko saihesbidea egiteko obrek azaleratu zutena. Kretazeoaren eta Tertziarioaren arteko muga (K-T muga) eta Paleozenoaren eta Eozenoaren artekoa (P-E muga) argi ikus daitezke gure kostaldeko flyschean, baina Deba eta Zumaia artekoan bezala, Eibarko flyscheko harkaitz-geruzetan ere historia geologikoaren milioika urte irakur daitezke. Itsas azpian poliki-poliki metatzen joan ziren sedimentuek osatu zituzten konposizio ezberdineko geruza horiek, eta beraz, ez da harritzekoa Eibarko flyschean ere itsas fosil ugari topatu izana. Ugarienak, inoceramusen fosilak dira. Bi kuskuko maskorra zuten moluskuak ziren inoceramusak eta Goi Kretazeoan galdu ziren. Hala ere, ugariagoak dira geruza horietan garai hartan itsas hondoan bizi izan ziren organismoen presentzia adierazten duten aztarnak, narrasti-pistak-eta. Topatu dituzte, era berean, itsas hondoan bizi ziren zizareek zulatutako tunel-sareak ere. Bada ezberdintasun nabarmen bat gure bi flyschon artean, baina, Tobajasen esanetan: "Kostaldekoa etengabe garbitzen da olatuekin, baina Eibarkoa lausotzen ari da landaredia hazten ari delako. Beraz, iraungitze-data duen flyscha da Eibarkoa".


MALTZAGAKO PAISAIA BOLKANIKOA
Debabarreneko paisaia bolkanikoak garrantzia berezia du Eibar eta Elgoibar artean, batez ere Maltzagatik Elgoibarko hilerri pareraino doan ibaiaren zatian. "Ibilbide horretan topa ditzakegun haitz bolkanikoei basalto esaten zaie generikoan, baina haien itxurari erreparatuz gero, askotarikoak daude: arroka igneoak edo magmatikoak, plutonikoak, piroklastikoak, basikoak, filoniarrak...". Debabarreneko bolkanismoak dozenaka milioi urteko aldia hartzen du bere baitan, duela 100 eta 80 milioi urte bitartekoa. "Debabarreneko sektore bolkanikoaren aberastasun geologikoak mereziko luke haren ikerketarako zentro bat sortzea inguru honetan, baina gutxienez informazio-panel batzuk jarri beharko lituzkete bidegorrian, daukagun horren berri emateko".

Ikasi gabekoon begiak ikusteko moduko gauzak ere badira: Deba ibaiak perfil malkartsua dauka inguru horretan, basaltoa edo arroka igneo bolkanikoa askoz zailagoa delako higatzeko inguruko harri sedimentarioak baino, eta ondorioz, ibaian ur azkarrak eta saltoak sortzen dira, erabili direnak argindarra sortzeko. "Kilometro barruan hiru zentral hidroelektriko daude. Errekorra! Animatuko zintuzketet marka hori hobetzen duen beste adibide bat topatzera!". Beste bitxikeria bat ere jaso du. Basaltoa ustiatzeko Sigmatik gertu sortu zuten harrobiaren aztarnak ere agerikoak dira oraindik, eta basaltozkoa da Elgoibarren idi-pobretan erabiltzen duten Harri Beltza ere; baita Elgoibarko herriguneko harrizko zoladura ere.

Paisaia bolkanikoa Elgoibar eta Maltzaga artean.

ERREKETAKO KARSTA, ELGOIBARREN
"Erreketa bloke karstikoak minikarst berezi bat osatzen du, Aizti errekaren amildegiaren buruan, Erreketa eta Berasaluze baserrien artean, eta hain da adibide karstiko berezia, geologia-intereseko puntu deklara zitekeela". Hedadura txikia izan arren, erreketako karstean hainbat barrunbe daude, guztira kilometro erdiko galeriak osatzen dituztenak, bai eta 50 metro inguruko sakonera duen leize bat ere. Horri gehitu behar diogu: lenar estali bat Borragen baserri inguruan; azaleko hiru erreka karstiko, horietako bik iragazkietatik zirkulaziorik ez duten tarte zabalak dituztenak; hiru iturburu, bat hasierakoa eta bi amaierakoa; eta hiru hustubide, gutxi gorabehera aurkitzeko modukoak, euri-jasaren arabera aldaketak jasaten baitituzte. Aparteko kapitulu bat merezi du. Elgoibarren, Erreketako iturburuko urarekin hasi ziren hornitzen etxeak, 1915ean. Aldi berean, iturburua leku altuan dagoenez, zentral elektriko bat ere egin zuten San Pedrorako errepidean, argindarrez hornitzeko herria. "Orain, Kilimoiko lurpeko ura edaten dugu, baina Mendarotik ura ekarri aurretik Erreketako ura edaten genuen".

Erreketa ibaiaren iturburua.

ELGOIBARKO PAISAJE SEDIMENTARIOA ETA HISTORIAURREKO AZTARNAK
Elgoibarren, bereziki bi kontu nabarmenduko lituzke Tobajasek: Batetik, Maltzagako paisaia bolkanikoaren eta Mendarotik aurrerako paisaia karstikoaren artean Elgoibarko paisaia sedimentarioak sortzen duen kontrastea eta paisaia horren barruan sortzen diren kareharrizko azaleratzeak eta azaleratze bolkanikoak. Eta bestetik, ondare arkeologikoa. Hor dauzkagu Karakaten, Maltzagara begirako hegalean, 2016an topatu zuten erromatarren garaiko kanpalekuaren aztarnak edota Karakateko trikuharri eta dolmenen ibilbidea. "Karakate, bere 800 metroekin, talaia ikaragarria izan da beti eta horrek gizakiaren arreta bereganatu du antzina-antzinatik. Ez da kasualitatea erromatarrek kanpaleku bat eraiki izana han, historikoki Donostiatik, Gasteiztik eta Bilbotik datozen komunikazio-bide guztiek bat egin dutelako Maltzagan, eta beraz, ezin egokiagoa zelako kontrol-postu bat kokatzea bailararako hain estrategikoa den bidegurutze baten gainean".

Ibaiaz beste aldera dago Moru mendia. 1991n burdin aroko herrixka baten aztarnak aurkitu zituzten bere altzo zabalean. Indusketa orokor baten faltan, egindako zundaketek egiaztatu zuten Burdin Aroko herrixka gotortu bat izan zela han K.a. lehen milurtekoaren erdialdera. "Ez da aztarnarik aurkitu Karakateko gailurreko erromatar kanpamenduarekin lotzeko; agian, harreman hori hurbileko Garatamendi muinoan bilatu beharko da", zehaztu du.
Talaixako meatzeak ere merezi du aipamen berezi bat, Tobajasen esanetan. Informazio bati jarraika, 1975ean topatu zuten Morkaiko espeleologia taldekoek, Talaixako amildegian gora eginda (Morterika izenez ere ezagutzen da). Talaixa baserriaren azpiko aldean zulo bat ikusi zuten, landarediaz erdi estalita. Lehenengo azterketa batzuk eginda, kobazulo gisa katalogatu zuten, baina topografiak erakutsi zuen gero zulo artifizial bat zela, gizakiak egindakoa. Hormetan, erromatarren teknikaz egindako argi-zuloak atzeman zituzten. "Argizuloak 20 zentimetroko luzera, 12 zentimetroko altuera eta 10 zentimetroko sakonera zuten horma-hobi angeluzuzenak ziren, eta galeria argiztatzen zuten olio-lanparak jartzen zituzten haietan. Zoritxarrez, 1988ko uholdeetan lur-jausi handia gertatu zen Talaixan, eta erabat itxita gelditu zen hara sartzeko atea". Nolanahi ere, uste dute Protohistorian [historiaurrearen eta historiaren arteko trantsizio aldian], Karistiarrek ustiatu zutela meategi hori Kalkopirita ateratzeko.

Talaixako meategiko kolada mineralizatua.

"Erromatarrak mineral bila ibili ziren eta beren komunikazio eta merkataritza bideak babestea izan zuten ardura nagusia. Eta gure inguruan topatu diren aztarnek bide ematen dute pentsatzeko aurkikuntza gehiago egin daitezkeela. Guzti horren berri eman behar dugu, modu ikusgarriago batean, tokian-tokian kartelak eta behar diren argibide-panelak jarrita".

MENDAROKO PAISAIA KARSTIKOA
"Mendaroko ondare naturala izugarria da. Kobazuloz josita dago, eta hori oso ehuneko txiki bat dela topatu dena. Mendaroko Suharri elkartekoek sekulako lana egin dute azken urteetan, ehun kobazulotik gora identifikatu dituzte, eta luze gabe hasiko dira lan horren emaitzak azaleratzen, baina agertu dira Paleontologikoko eta historiaurreko aztarnak... Edonola ere, ezagutarazi beharreko guztian, Aizkoltxok aparteko kapitulua behar luke", dio Tobajasek.
Goikola errekaren sakanean dago Aizkoltxo muinoa, Mendaroko Plaza auzoan, 634 errepidearen eta Deba ibaiaren artean. Kareharrizko tontorra da, Arnoko karstaren mugarri naturala, Goikola ibaiko urek zulatutakoa. "Aizkoltxo muinoa Debabarreneko lehen mailako elementu geomorfologikoa da, guztiz apartekoa, duela ehunka mila urte Goikolako sakana itxia eta itsua egiten zuelako. Horregatik, urek irteera bat bilatu zuten Aizkoltxo muinoko hustubide batetik eta haitzuloa zulatu zuten". Inguru horretan, Lurpeko ur-sare bat topatu zuten Morkaiko Leizarpekoek. Gehiago ere bada, baina. Deba bailarako talaia izan zen antzinako gizakiarentzat, eta horregatik ere berezia da, ondare arkeologiko ugari bildu dituztelako muinoaren izen bereko kobazuloetako batean. Duela 15.000 bat urteko aztarnak dira topatu dituztenak eta piezarik ikusgarriena Goi-Madeleine aldiko [duela 16.500-13.300 urtekoa] lau zulodun makila apaindua da, 2014ko kanpainan topatu zutena.

Aizkoltxo 3-ko galeria handia.

Bost kobazulo topatu dituzte Aizkoltxon [Batzuk sedimentuz itxita daude, kolmatatuta), eta Mendaron aurkitu duten bosgarren kobazulorik handiena ere han dago [Aizkoltxo 3], eremu urbanoan, eta birjina da. Kobazuloan 300 bat metroan sartu ziren barrura duela lau bat urte Leizarpe espeleologia taldekoak eta hareharrizko errekarri ugari topatu zituzten, baita sabaian ere. Hortik ondorioztatu zuten Goikola erreka kobazuloan sartzen dela. Eta hain justu ere, hareharrizko errekarri berdinak topatu zituzten gero historiaurreko piezak agertu diren kobazuloan ere. Hogei bat metro gorago dago kobazulo hori, Deba ibaira begira, baina bietan errekarri berdinak topatu izanak erakusten du bi kobazuloak barrunbe bera direla. Goiko kobazuloa babestuta dago, aztarna paleontologikoak aurkitu dituztelako bertan, baina behekoak, kobazulo bera denak, ez dauka gaur inolako babesik. Are, oraindik ikertu gabe dagoen beste kobazulo bat ere badago muino berean, lantegi baten lurretan.
Baina gauza gehiago ere badaude Mendaron, eta denen artean aipamen berezia merezi du bere ustez Kilimon errekak, eskualdeko lau udalerri urez hornitzen duenak. "Mendaro Geoparkean sartzeko proiekturako jaso dugu Atxurin sortu nahi dugun via ferrata edo burdinezko bidea, eta Arraztoko leizea herritarrei zabaltzeko proposamena". Atxuriko leizea 1973an topatu zuten Morkaikoko espeleologoek (Pyrenaica-ren 102. zenbakian argitaratu zuten, 1976. urtean). Goitik beherako leizea da, hiru gela dauzkana, galeria bakarrera iristerako. Arraztoko leizea, berriz, Aranerreka bailaran dago, Lizarrola baserritik aurrera, eta Morkaiko espelologia taldekoek 1992an aurkeztu zioten Mendaroko Udalari Arraztoko leizea bisitagarri egiteko proiektua. "Leizeko bigarren galeria 500 metro luze da eta oinez ibili daiteke barruan, baina hara iristeko tunel bat egin behar da. 1992an esan ziguten 20 milioi pezetako kostua zuela horrek. Nik ez dakit, baina ikusita ditut Frantzian Betharramgo leizeak adibidez, eta han igogailua ere badute, bai eta irteteko 800 metroko tunelean, trena ere. Eta hemen 40 metroko tuneltxo bat egiteko hainbeste komeri! Hemen ez dagoena da ondare horri balioa aitortzeko konpromisorik eta irudimenik. Hemen, industria lehenesten da beste guztiaren gainetik, jabetu gabe daukagun handiena ondare naturala dela, eta ura dela daukagun altxorrik aberatsena".

Angel Maria Tobajas, Atxuriko gainean.