Kerosenoa zeraman kamioi bat irauli ostean, AP-8 autobidea guztiz itxita egon da Itziar parean

Barren 2025ko urt. 3a, 11:58

Larrialdi Zerbitzua-k AP-8 autobidean izandako istripuan lanean. Arg: SOS Deiak

Autobidearen itxiera dela eta, ibilgailuen zirkulazioa Zestoa-Zumaia, Itziar-Deba eta Elgoibarko lotuneetatik ari dira desbideratzen.

AP-8 autobidea guztiz itxita dago Itziar parean, kerosenoa zeraman zisterna-kamioi bat errepidetik irten eta irauli ondoren. Gaur (urtarrilak 3) goizeko 08:00ak aldera izan da ezbeharra, 56. kilometroan, Itziarko tunelaren irteera parean. Ibilgailua gurutzatuta geratu da eta, ondorioz, bi norabideei eragin die. Kamioilaria Mendaroko Ospitalera eraman dute, zaurituta.

Kamioiak, errepidea oztopatzeaz gain, isuri bat ere izan du, eta une honetan Ertzaintza, suhiltzaileak eta mantentze-lanetako langileak lanean ari dira erregaia beste zisterna batera pasatzeko eta istripua izan duen kamioia bidetik erretiratzeko.

Alternatiba gisa, Bilborantz doazen ibilgailuak Zestoa-Zumaia (48. irteera) eta Itziar-Deba (54. irteera) lotuneetatik desbideratzen ari dira, N-634 errepidetik jarraituz, Elgoibarko lotuneraino, AP-8an berriz sartzeko. Donostiarako noranzkoan doazen ibilgailuak, berriz, Elgoibarko (64. irteera) lotunetik ari dira desbideratzen, N-634 errepidetik jarraituz, Zestoa-Zumaia eta Itziar-Deba lotuneetara arte.

Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, arratsaldera arte egon liteke zarratuta autobidea. Izan ere, garabi berezi bat behar da ibilgailua erretiratzeko, eta bidean erregaia isuri denez, hura ere garbitu behar dute.

Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritza informazioa unean-unean eguneratzen ari da X sare sozialean