Eguberrietako bertso jaialdia antolatu du Elgoibarko Izarrak abenduaren 26an (osteguna). Elgoibarko Udalarekin lankidetzan antolatu dute jaialdia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, eta bost bertsolari ekarriko dituzte kantura: Maialen Lujanbio, Julio Soto, Oihana Iguaran, Agin Laburu eta Xabat Illarregi. Gai-jartzaile lanak, berriz, Imanol Artola Felix-ek egingo ditu. Bertso saioa Herriko Antzokian izango da, 20:00etan hasita.
DKT-k (Debabarreneko Komunikazio Taldeak) lau gonbidapen bikoitz zozkatu ditu irakurleen artean. 74 lagunek parte hartu dute zozketan eta gaur iragarri dituzte irabazleak.
Hauek dira saridunak:
- Terese Larrañaga Iriarte
- Aitor Arakistain Iriondo
- Mikel Arzamendi Mujika
- Eider Itxaso Odriozola
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraindik gelditzen dira bertso saiorako sarrera batzuk. Sarreren aurresalmenta ostiral eguerdian, hilaren 20an, amaituko da. Elgoibarko Izarrak Aita Agirre kulturgunean duen egoitzan eros daitezke. Saltzen ez diren sarrerak Elgoibarko Herriko Antzokian bertan erosi ahalko dira, egunean bertan, abenduaren 26an.