Elgoibarren eta Eibarren, ostalaritza-sektorera zabaldu du Mankomunitateak hondakinak atez ate biltzeko proiektua

Barren 2024ko abe. 11a, 16:20

Atez ate hondakinak biltzeko sistemaren bigarren fasea hasi du Debabarreneko Mankomunitateak, hondakinen kudeaketa hobetzeko. Irailaren 16an hasi zuten lehenengo fasean, Eibarko eta Elgoibarko 40 fruta-denda eta jateko-dendatan hasi ziren atez ate hondakin organikoak eta ontzi arinak batzen, eta bigarren fase honetan 120 taberna, jatetxe eta kafetegira zabaldu dute ekimena: Eibarko 80tara eta Elgoibarko 40ra. 

Mankomunitateak 50 litroko bina ontzi eman dizkie kanpainara batu direnei, bata horia, ontzi arinentzako, eta bestea, marroia, hondakin organikoentzat, eta lagun bat izendatu du atez ate ontzi horiek batu eta batutakoa kaleko edukiontzietara eramateko. Astelehenetik zapatura pasatzen da langile hori establezimenduetatik hondakin organikoak batzera, eta astean hiru egunetan egiten du ontzi arinen bilketa, martitzen, eguen eta zapatutan. Ontziak jasotzeaz gain, tabernariek hondakinak ondo bereizten dituztela ere zaintzen du. Modu horretan establezimendu horietan jadunbide egokiak  hartzea bultzatzen du, sistemak ez duelako lagatzen hondakinak sailkatu gabe entregatzen. "Lehenengo faseko emaitzak oso positiboak dira, eta nik esango nuke sei hilabeteko epea luzatu egin behar dela", zehaztu du horren harira Igor Aldalur Mankomunitateko Ingurumen teknikariak.

Bi helburu

Nagusiki bi helburu ditu, beraz, proiektuak: batetik, birziklatze-tasak hobetzea eta zabortegietan amaitzen duen hondakin-kopurua murriztea, eta bestetik, kalean hondakin gutxiago pilatzea eta garraioaren bidez sortutako emisioak minimizatzea. Sei hilabeterako proiektua da, Elgoibarren eta Eibarren probatzen ari direna, baina luza daitekeena, bai eta bailarara zabaldu ere, emaitzak aztertu ondoren baloratzen badute Mankomunitateak egin beharreko esfortzu ekonomikoa balekoa dela eta ontzat emanez gero estandarizatzea.

Atez ateko bilketa-sistema hau Mankomunitateak ekonomia zirkularrarekiko eta ingurumen-iraunkortasunarekiko duen konpromisoaren barruan ulertu behar dela esan du Jon Zubiaurre Ros Debabarreneko Mankomunitateko lehendakariak, eta eskerrak eman dizkie proiektura batu diren establezimendu guztiei, bai eta mankomunitateko langileei ere, sistema arrakastatsua izan dadin beren onena emateagatik.

Hondakinen kudeaketan herritarren inplikazioa ezinbestekoa dela ere nabarmendu du Zubiaurrek ekimenaren berri emateko prentsaurrekoan, eta bat etorri da Igor Aldalur  Mankomunitateko Ingurumen teknikaria ere. Ecoembesekin batera abiatu berri duten Birziklatu kanpaina informatiboaren baitan emandako datu batzuk gogorarazi  ditu Aldalurrek eta nabarmendu du gaur gaurkoz Debabarrenean errefusaren edukiontzietan batzen den hondakin kopuaren %70 birziklagarria dela. "Katastrofikoa da. Errefusaren edukiontzian beira, kartoia eta ontzi arinez betetako zabor poltsak ere topatzen ditugu.  Halako edukiontzi bakoitzeko ontzi arinez betetako bi zabor poltsa handi ari gara ateratzen. Datuak kezkagarriak dira eta  horren kontzientzia hartu behar dugu".

Zurrumurruen kontra

Zurrumurruen kontra ere egin du. Ostalarien izenean, King Kong tabernako Manu Reyk eta Txarriduna jatetxeko Imanol Urainek parte hartu dute prentsaurrekoan eta adierazi dute taberna-giroan oso zabaldua dagoela uste bat: alferrik dela etxean zaborra bereiztea, gero leku berdinera doan usteagatik. Uste hori  eta era horretakoak gezurtatu ditu Aldalurrek eta ziurtatu du Debabarrenean batzen den hondakin bakoitza bere lekura doala eta, ondo birziklatuz gero, materiala berreskuratu daitekeela.