Elkarrizketa

Bulego taldea: "Bozgorailu txikia erabiltzeko ardura genuen euskararen alde egiteko"

Ane Olaizola - Urtzi Oteiza - Maialen Etxaniz 2024ko abe. 9a, 11:25

2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo duten Euskaraldiaren abestia sortu du Azkoitiko Bulego taldeak, eta Durangoko Azokan aurkeztu dute bideoklipa. 

Kantu "dantzagarria" sortu dute. Dantzagarria eta alaia; taldearen zigilua daramana, finean. Horrela deskriba daiteke Azkoitiko Bulego taldeak Euskaraldirako sortu duen Gure bihotzaren taupadak abestia. Tomas Lizarazu (Azkoitia, 1993), Ruben Lizarralde (Azkoitia, 1970) eta Xabier Arrieta (Azkoitia, 1994) taldekideek joan den barikuan aurkeztu zuten bideoklipa, Durangoko Azokan. Hona GUKAkoek egin dieten elkarrizketa.

 

Hurrengo Euskaraldiak zuen doinua izango du. Zer nahi izan duzue transmititu?

Tomas Lizarazu: Garrantzitsua zen guretzat Euskaraldiarekin bat egiten zuen abestia sortzea. Orain arte abestiak sortu ditugunean, barrura begira egin ditugu; hau da, konposatzaile eta kanta idazle moduan, aurrez gertatu izan zaizkidan gauzetatik tiraka sortu izan ditut kantuak, eta oraingo honetan kanpotik iritsi zaigu abestia egiteko eskaera. Euskaraldian parte hartuko duen edozeinentzat izango den abestia egiten saiatu gara: kantu herrikoia eta alaia. Sustatzaileen leloa da herritarrak esatetik egitera igarotzea, eta horretara bultzatzen du gure abestiak ere; herritarrek euskaraz aritzeko, lehenengo hitza euskaraz egiteko eta elkarrizketa elebidunean euskarari eusteko gogoa ematen duen abestia egiten ahalegindu gara.

Mezu zehatzik ba al du?

T. L. : Herritarrak euskararekin bat egitea da funtsean dagoena. Bakoitzak jar dezakeen alea jarrita, euskararen egoera orokorra alda daitekeela erakutsarazi nahi dugu. Uste dugu hor dagoela gakoa; kontua ez da ekitaldi edo egitasmo handi bat antolatuta euskara alda dezakegula sinestea, eguneroko elkarrizketetan dago euskararen egoera, eta abestiarekin jendea bultzatu nahi dugu bere egunerokotasunean ale txiki bat jartzera.

Euskaraldiaren abestia izanik, desberdina izan al da sortze prozesua?

T. L. : Bai. Orain arte, barrura begira konposatu izan dugu, sentimenduetatik eta gertatu zaizkigun bizipenetatik tiraka, baina oraingo honetan, abestia egitea kanpotik iritsitako eskaera izan da. Euskaraldiakoak jarri ziren gurekin harremanetan, eta datorren aldirako abestia egingo al genuen galdetu ziguten. Zalantzarik ez genuen izan baiezkoa emateko, Bulego euskararekin oso lotuta dagoen proiektua delako. Naturalki ateratzen zaigu euskara, azkoitiarrak garelako eta gure artean euskaraz bizi garelako. Baina iruditzen zitzaigun gure bozgorailu txikia erabiltzeko ardura genuela euskararen alde egiteko. Kanpotik etorritako estimuluari erantzun diogula, hori izan da aldaketa nagusia.

Bulegoren zigilua al du abestiak?

Xabier Arrieta: Baietz esango nuke. Abesti alaia da, dantzagarria, eta adin guztietako pertsonentzat egindakoa. Baikorra ere bada, eta uste dut gaur egun behar dugula baikortasuna, jendea euskaraz hitz egitera bultzatzeko eta, behintzat, lehenengo hitza euskaraz egitera animatzeko.