Maiatzaren 15etik 25era egingo dute laugarren Euskaraldia

Barren 2024ko urr. 25a, 11:01

Atzo aurkeztu zuten Iruñean Euskaraldiaren laugarren edizioa. Udaberrian egingo dute, maiatzaren 15etik 25era, eta herriek eta entitateek zabalik dute dagoeneko Euskaraldian izena emateko epea.

 

Euskararen erabileran eragiteko daukagun "tresna, bide eta modu masiboena" da Euskaraldia”, esanez aurkeztu zuen Euskaraldia atzo Goiatz Urkijok, Euskaraldiko koordinatzaileak. Haren esanetan, 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartutakoak. Esan zuen Euskaraldiak hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa duen eraginkortasuna "aski frogatuta" geratu dela edizioz edizio egin izan diren ikerketetan. Hala ere antolatzaileek gogorarazi zuen Euskaraldiak ere badituela bere mugak. “Euskaraldia ez da kanpaina huts bat: ariketa sozial bat da: euskararen erabilera biderkatzeko ahaleginean ezinbestekoa, baina ez nahikoa”.

Horregatik, Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzea proposatu dute: reset egitea, berrabiaraztea. Izan ere, azken edizioaren ondoren, gizarteko hamarnaka eragile eta herritarrekin batera egindako hausnarketa prozesuaren ondorioetako bat da Euskaraldiak berrikuntza behar duela, herritarrengan, berriz ere, ilusioa masiboki piztuko badu. Bada, antolatzaileek "ausardiaz eta gogoz" heldu diote erronkari. 

Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” izatea nahi dute. Ez dute nahi Euskaraldia egun jakinetara bakarrik mugatzen den ariketa soziala izaterik. “Nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun dinamika” zabaldu egin nahi dute, denboran eta gizartean.

Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortu nahi dute antolatzaileek. Kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiarazi, alegia. Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika soziala indartu.

Norabide horretan lanean hasiak dira dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak, eta horretarako tresna berri bat dute eskura: Euskara aktibatzaileen gida-liburua. Euskaraldiak osatutako gida horretan mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko hainbat gako ematen dituzte.

'Elkar mugituz egingo dugu' leloa

Laugarren edizioaren leloak berak -elkar mugituz egingo dugu- aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia. “Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz”, azpimarratu zuen Urkijok. Baina jarrerak bakarrik ez, emozioak ere mugitzen ditu Euskaraldiak: “Milaka eta milaka herritarrek, aldi berean, Senperen, Lizarran eta Bilbon, euskararen aldeko urratsa egiten dute, euren nahiak, erronkak eta aldarriak batuz. Hunkigarria da, ilusioa pizten du, eta badu epikatik ere, mundu osoan ez baita egin halako ariketa sozial masiborik”, nabarmendu zuen Urkijok.

Ahobizi eta Belarriprest

Euskaraldiaren oinarria mantendu egingo dute laugarrenean ere, eraginkorra dela sinistuta: partaideek ahobizi ala belarriprest rola hautatuko dute, izena eman, eta 11 egunez, dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa. Antolatzaileek txaparen erabileran azpimarra jarri dute, txapak ahalbidetzen baitu ariketa bera. Norberaren hizkuntza-portaera zein izango den adierazten du, hau da, noiz eta norekin egingo dugun euskaraz, eta batez ere, ingurukoei mezu argia bidaltzen die: “Nirekin egizu euskaraz, lasai”. 

Horrela, azpimarra berezia jarriko da Euskaraldiak gizarteratu eta arau sozial bihurtu nahi dituen hizkuntza portaeretan: hala nola, lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea.

Euskaraldian parte hartuko duten herriak dagoeneko hasi dira izena ematen, eta zenbait herritan jada laugarren edizioa irudikatzen hasita daude. Herriekin batera, gaurtik aurrera, entitateek ere Euskaraldian izena emateko aukera izango dute www.euskaraldia.eus webgunean. Herritarren txanda, berriz, martxoan izango da, orduan zabalduko baita belarriprest edo ahobizi bezala izena emateko aukera.