2024ko ekainaren 28an eta 29an Gazte Langileen Topaketak egin zituzten Azpeitian eta Euskal Herri osoko hainbat Gazte Asanblada, Gaztetxe eta herri eta auzo ezberdinetako gazteak elkartu ziren. Topaketa haietan elkarren berri izateko aukera izan zuten, esperientziez eta borrokarako arrazoiez hitz egiteko tartea, eta tailerrak ere egin zituzten. Gerora, Debako Gazte Asanbladatik eskualdean topaketa bat antolatzeko deia egin zieten gainerako herrietako gazteei, eta batu ziren Mutriku, Eibar eta Mendaroko gazte asanbladakoak ere deialdi hartara. "Garrantzitsua ikusten dugu modu autogestionatuan antolatzen garenon artean eta antolakuntzan eta borrokan oinarritzen den kultura oso bat hedatzen saiatzen garenon artean indarrak batzea", zabaldu zuten, esaterako, Mendaroko Gazte Asanbladakoek. Biharko egitaraua ere elkarrekin antolatu dute Mutriku, Eibar, Deba eta Mendaroko gazteek. Gazteen egoeraz hausnartzeko, elkar ezagutzeko, komunitatea eraikitzeko, eskualdeko herrietan egin ditzaketen ekarpenez eztabaidatzeko eta tokian tokiko esperientziak trukatzeko antolatu dute biharkoa.
Hona, egitaraua:
11:00etan emango zaio hasiera programazioari, parte-hartzaileei Debako gaztetxean egingo zaien harrerarekin. Eta, 11:30ean, mahai-ingurua egingo dute Kultur Elkartean, gazte asanbladen gaur egungo erronkak hizpide hartuta.
Goizeko hausnarketa eta eztabaida saioaren ondoren, bestalde, bazkaria izango da gaztetxean 14:30ean (5 euroan lor daitezke sarrerak, asanbladetako kideekin harremanetan jarrita). Eta, ondoren, bakarrizketa saioa egingo dute Manex Astigarragak, Esti Curielek eta Asier Galarzak.
Egitarauak 18:00etan izango du jarraipena, asanbladen arteko jolas edo olinpiadekin (Foruen Plazan). Bi ordu beranduago, 20:00etan, karropoteoa egingo dutela iragarri dute eta musika izango da protagonista ondorengo orduetan ere: batetik, 22:30ean, Obego eta Rebel Boys taldeen kontzertua izango da gaztetxean (afaltzeko aukera ere egongo dela azaldu dute antolatzaileek); bestetik, kontzertuen ostean, Txola ta Potxola DJak ariko dira bertaratutakoen aurrean.