Portalean (areto nagusian) izango da hitzaldia, 18:30ean. Antolatzaileek Duintasunez Hiltzeko Eskubidea Euskadi elkarteko kideak gonbidatu dituzte, gaiari buruzko azalpenak eman ditzaten. Sarrera librea izango da.
Ikasten elkarteak antolatzen duen Esperientzia Eskolako 19. promozioko ikasleek abiatu zuten Agurtzen ekainean, ikasturte amaierako proiektu gisa. Informazioa ematearekin batera, zalantzak argitu, eta beharrezkoa den dokumentazioa betetzeko laguntza eskaintzen dute Untzagako gizarte zentroan. Aurreko ikasturteko martxari jarraituz, opor ostean hilean birritan emango dute aurretiazko borondateen edo bizi testamentuaren inguruko informazioa, hil bakoitzeko 1. eta 3. eguaztenetan, Untzaga gizarte etxeko Arrate aretoan, 18:00etatik 20:00etara.
Ikastenekoek azaldu dutenez, bizitza on bat izatea da pertsona guztion helburua, eta uste dute ongi bizitzea eta ongi hiltzea lotuta daudela. "Heriotzaren gaia oraindik tabua den arren, gero eta gehiago gara duintasunez hiltzeko eskubidea aldarrikatzen dugunak. Aurretiazko borondateen dokumentua, bizi-testamentua ere esaten zaiona, bide hori errazten digun tresna da. Konturatu gara gure inguruko jendeak zalantza asko dituela dokumentu honen inguruan: zer dakarren, nola bete behar den, non entregatu behar den eta abar, eta informazio-kanal ofizialak gainezka daude eta ez da erraza horietara iristea", azaldu dute.