Mankomunitatetik nabarmendu dutenez, gaika birziklatzearen inguruan egin duten apustu garrantzitsuenetariko bat da honakoa, eta joan den irailaren 16an jarri zuten martxan.
Programaren helburu nagusia hondakinak gaika bereiztea eta biltzea sustatzea dela jakinarazi dute, establezimendu komertzialak eta ostalaritzakoak hondakinen kudeaketa arduratsuan inplikatuz. Era horretan, ekintza horren bidez, gaikako bilketa datuak hobetu nahi dituzte eskualdean, merkatari eta ostalariei beren hondakinak modu "eraginkor" eta "iragankorrean" kudeatzeko lana erraztearekin batera.
Ekimen honekin bat egin duen lehen saltokietako bat da Eibarko Txantxa Zelai fruta-denda, eta han egin dute ekimenaren berri emateko prentsaurreko agerraldia. Establezimenduaren jabea den Aisha Ourdik honela adierazi du: “Oso harro gaude proiektu honetan parte hartzearekin. Gure ustez, funtsezkoa da tokiko saltoki guztiek birziklatzea babestea, etorkizun iraunkorrago bat izan dezagun”.
Ildo beretik, tokiko sektorearekin elkarlanean abian jarritako ekimena dela azpimarratu du Debabarrena Mankomunitateko Gerentea den Nerea Zubillagak: "Atez ate biltzeko zerbitzu berri hau birziklatze-eredu eraginkorrago baten aldeko apustu irmoa da, eta herritarrengandik hurbilago dago, gainera. Eibar eta Elgoibarko udalerrietan hasi gara, baina eskualde osora zabaldu nahi dugu. Ziur gaude, guztion laguntzarekin, nabarmen hobetuko ditugula gure gaikako bilketa indizeak, eta hori, ingurumenarentzat ez ezik, tokiko gure ekonomiarentzat ere ona da”.
Zerbitzuaren egutegia eta ordutegiak
Materia organikoa biltzeko zerbitzua astelehenetik zapatura egingo dute; ontzi arinak, aldiz, martitzen, eguen eta zapatuetan bilduko dituzte.
Eibarko ordutegia 9:00etatik 13:30era izango da eta Elgoibarkoa 17:30etik 19:15era. Bilketa guztien datuak jaso eta digitalizatu egingo dituzte, zerbitzuaren erabilera aztertu eta ondo funtzionatzen duela bermatzeko.
Hobariak zabor-tasetan
Hondakinak behar bezala bereizten dituzten establezimenduei hobariak jartzeko aukera aztertzen ari da Mankomunitatea, datorren urtera begira. "Gaikako bilketak, ingurumenaren ikuspegitik ez ezik, ekonomiaren ikuspegitik ere onuragarria eta garrantzitsua dela erakutsi du, gehiago eta hobeto birziklatzeak sistemaren kostuak murrizten baiditu", adierazi dute.
Programan eta biltzeko prozesuan parte hartzeko moduari buruz xehetasun gehiago nahi izanez gero, interesatuak Debabarrena Mankomunitatearekin jar daitezke harremanetan edo web orrialdea bisita dezakete.