Bueltan dira, berriz, “Gure Balioak” Sariak Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziaren eskutik. Bi urtetik behin antolatu ohi ziren arren, azken edizioa 2019an egin zen eta harrezkero, pandemiaren ostean, etenda izan dira. Aurten, berriz antolatuko dituzte eta dagoeneko zabaldu dute 11. edizio izango denerako hautagaitzak proposatzeko epea. Hala, gaur hasita, sarietan parte hartu nahi duen edota hautagai izan daitekeen norbait ezagutzen duen edonork jada aurkez dezake bere proposamena.
Hiru sari
Aurten, berrikuntza gisa, hiru kategoria sarituko dituzte. Orain arteko Bizitza osoko ibilbidea kategoria eta beste bi: Gazte ekimena eta Gizarte ekimena.
Orain arte bezala, sariaren helburu nagusia Debabarrenean “gizarte-balioak sustatzea” da eta “balio horien egoerari eta premiari buruzko hausnarketa sortzea herritarrengan eta gizarte-eragileengan”. Hain zuzen, horretarako, eskualdean aipatutako balioak ordezkatu dituen pertsona bat sarituko dute eta bere ibilbidea ezagutarazi. Aurten, sarituak Oihane Ortega artistaren “Muin-fluxua” obra jasoko du, Laboral Kutxaren babesarekin.
Ostera, 11. edizio honetan, Debabarreneko gazte ekintzaileak eta gizarte-erakunde berritzaiileak ere sarituko dituzte “Gazte ekimena” eta “Gizarte ekimena” kategorien bitartez. Lehenak, enpresa-proiektuak garatu dituzten gazte ekintzaileak aintzat hartzea eta babestea du xede. Aldiz, bigarrenak, 2024an elkartasun-helburuekin loturik, gizartean eragin positibo esanguratsua izan duten proiektu berritzaile eta iraunkorrak garatu dituzten gizarte-erakundeak aitortu nahi dituzte. Batak zein besteak, 2.000 euroko sari bana jasoko dute, Laboral Kutxa eta Orbea enpresen laguntzari esker.
Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik
Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago gaur hasi eta urriaren 11 bitarte. Horretarako, Debegesaren web orrian (www.debegesa.eus) eskura dagoen kategoria bakoitzaren formularioa bete behar da. Nolanahi ere, arazo edota zalantzaren bat izanez gero, marketing@debegesa.eus helbidera idatzi edota 943 820 110 telefonora deitu daiteke.