Ez zieten antolatzaileek ibilbide erraza jarri. 106 kilometroko ibilbidean, birritan igo zuten Itziar, bi aldeetatik, ondoren Aia igo behar izan zuten, eta azkenik, Arrate, lehen mailako mendatea. Yurani Blanco izan zen tropeleko indartsuena, eta bere ibilbide profesionaleko estreinako garaipena izan zuen atzokoa euskal taldeetan trebatu eta hazi den txirrindulari kataluniarrak. Blancok esker on hitzak izan zituen taldekideentzat atzo, berarengan izan zuten konfiantzagatik. Hain zuzen ere, Blancoren taldekide Usoa Ostolazak egin zuen bigarren, eta Zeelanda Berriko Henrietta Christiek (Human Powered Health) osatu zuen Eibarko Hiria Sari Nagusiko podiuma.
Honela mintzatu da Blanco: "Garaipen honek asko esan nahi du, urte asko eman ditut Euskadin lehiatzen, hazi egin naizelako eta euskal taldeetan trebatu naizelako, eta, egia esan, beti amestu izan dut hemen garaipen profesional bat lortzea. Eta oso eskertuta nago taldeari, nigan konfiantza izan dutelako eta garaipen bat zor niela uste nuelako. Gure aukerak jokatzen saiatu gara. Ihesean sartu naiz, ez nekien zenbat indar nituen, baina igoera ezagutzen nuen, ezagutzera etorri nintzen. Oso ondo egiteko ilusio handia nuen eta taldeak nigan jarri duen konfiantza itzuli nahi nuen garaipen batekin".
Laboral Kutxa taldeko kirol arduraduna den Ion Lazkano mendaroarra ere pozik da garaipenarekin."Oso pozik gaude. Buruan genuen lasterketa bat zen. Garaipen oso garrantzitsua da talde osoarentzat. Lasterketa zoroa izan da eta erditik aurrera Movistarrek eta guk lasterketan agindu nahi genuen eta lehia hori izan dugu. Buruan azaltzen saiatu gara, ihelsadiei adi, eta azkenean Yurani ihesaldi batean sartu ahal izan da. Horri esker, 50 segundoko tartearekin hasi du igoera, eta hanka oso onak izan ditu garaipena lortzeko. Eta zer esan Usoari buruz, igoera izugarria egin baitu atzetik".
EITBk zuzenean eman zuen lasterketa Nahieran atalean ikus daiteke.