Kanpaina horren baitan, Elgoibarko Udalak esku-orri bat ere argitaratu du, errenta aitorpena euskaraz egiteko dauden aukeren berri emateko. 5.500 ale kaleratu ditu eta herriko etxebizitzetan banatu du. Horrez gain, herriko banku erakundeei eta aholkularitza etxeei ere bidaliko die esku-orri bera, haien bezeroen artean euskararen erabilera sustatu dezaten Foru Ogasunarekiko harremanetan. Era berean, Elgoibarren, udal bulegoetan ere eskuratu daiteke esku-orria.
Errenta euskaraz egiten duten herritarren kopurua gorantz egiten ari da urtez urte, baina hala ere, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun gaude oraindik, eta horretan eragin nahi dute Elgoibarko eta Mendaroko udalek, beste batzuen artean. Elgoibarko bizilagunek egindako 6.183 errenta aitorpenetatik 1.172 egin ziren euskaraz, %18,90. 2008ko datuekin alderatuz, hamar puntuan egin da, beraz, gora, baina datu soziolinguistikoek bide ematen dute pentsatzera oraindik euskaldun askok erderaz egiten dutela errenta aitorpena. Antzekoa da Mendaroko kasua. Mendaron, 1.040 errenta aitorpenetatik 259 egin ziren euskaraz.
Apirilaren 3an hasi zen errenta aitorpena. Urtero legez, hiru bide daude errenta aitorpena egiteko: autolikidazio proposamena, mekanizatua eta Internet bidezkoa, eta hiruretan hautatu daiteke euskara.
Etxean jasotzen da autolikidazio proposamena eta proposamena onartzeko Ogasunarekin harremanetan jarri behar izaten da. Baina proposamena eta eskutitza ele bietan jasotzen dituenak aukera dauka euskaraz jasotzeko hautua egiteko. Nahikoa da proposamena onartzerakoan euskaraz egin nahi duela esatea, aurrerantzean Ogasunetik agiriak euskara hutsean jasotzeko. Errenta aitorpen mekanizatua egitea eskatzeko hitzordua hartzerakoan ere adierazi dezake herritarrak euskaraz harremandu nahi duela Ogasunarekin. Ordua eskatzeko unean eskatu ez badu, errenta aitorpena egiteko unean ere eskatu ahal izango du. Aitorpena Internetez egitean ere eska daiteke euskaraz egitea, bai norberak egiten duenean, bai eta aholkularitzaren baten bidez egiten denean ere. Aholkularitzaren batekin egitea aukeratu duenak, espresuki eskatu adierazi beharko du aitorpena euskaraz egin nahi duela.
Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuetatik hartuta, bailarako herrietako datuak hemen:
- Eibar: 14.641 errenta aitorpenetatik 1.059 egin ziren euskaraz iaz (%.7,2)
- Elgoibar: Guztira: 6.183 Euskaraz: 1.172 (%18,9)
- Soraluze: Guztira: 1.960. Euskaraz: 476 (%7,6)
- Deba: Guztira: 3.043. Euskaraz: 894 (%29,3)
- Mendaro: Guztira: 1.040. Euskaraz: 259 (%24,9)
- Mutriku: Guztira: 2.887. Euskaraz: 1.059 (%36,6)