Sariketa erako saioak badira ere Gelatik Plazarakoak, ekimenaren helburu nagusia bertsolari gaztetxoei jendaurrean kantatzeko aukera eskaintzea da, eta gaur, sekulako plaza izan dute Soraluzen, areto bete jenderen aurrean aritu direlako bertsolari gazteak. Eneko Beretxinaga bertsolari eta irakasleak egin ditu gai-jartzaile lanak, Irune Basagoiti eta Alexander Idoeta bertsolariak eta Mendaroko eta Mutrikuko bertso eskoletako irakasleak izan ditu laguntzaile lanetan, eta bat-bateko hainbat ariketa egin behar izan dituzte ikasleek, etxetik prestatuta ekarritako agurrak kantatu ostean. Urduritasunari aurre egin, eta txukun aritu dira bertsolari gazteak bat-batean. 28 bat ikasle izan dira guztira, eta bi-hiru laguneko taldeetan aritu dira kantuan. Fin aritu dira denak ere, baina bakarrak zuen gaur aurrera egiteko aukera eta Mendaroko bertso eskolako talde moreak lortu du txartel hori, Haritz Zubiaurrek, Mikel Romerok eta Luken Zulaikak osatutako taldeak.
Bertso Eskolen 50. urteurrena
Aurten 50 urte beteko dira modu egituratuan lehen bertso eskola martxan jarri zenetik. Aretxabaletan izan zen, Almen ikastetxean. Urteurren hori aitzakiatzat hartuta, Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna egingo dute Apirilaren 28an. Egun osoko egitaraua egongo da, besteak beste, Gelatik Plazara sariketako eskualdeetako irabazleen saioa.