Sektore publikoan diharduten beharginen %80tik gorako ordezkaritza duten ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek deitu dute grebara. Oraingoan Satse erizainen sindikatuak ez du babestu deialdia. "Mobilizazioekin jarraitzea beste aukerarik ez dugu sektore publikoko lan baldintzak eta zerbitzua benetan hobetzeko", ohartarazi dute deitzaileek, aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari "lan baldintzak hemen negoziatzeko borondate politikorik ez" izatea leporatuz. Jaurlaritzak, aldiz, uste du ez dagoela greba egiteko "arrazoi objektiborik".
"Diru bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du (%44, 65.000 langile baino gehiago), eta erosahalmenaren galera %8tik gorakoa izan da azken bi urteetan", kritikatu dute sindikatuek. "Sektore pribatuan, mobilizazioari esker, sektoreko hitzarmen batzuetan KPItik gorako soldata igoerak lortzen ari dira. Sektore publikoan, berriz, Madrilek batutari eusten segitzen du euskal erakunde eta alderdi politikoen adostasunarekin".
Sindikatuen ustez, EAJren eta PSOEren arteko inbestidura akordioaren ostean "ez da benetako pausorik eman" soldatak eta enplegua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan negoziatu eta adostu ahal izateko.
Lan baldintzak hobetzeko zazpi neurri zehatz exijitu diete erakundeei:
- %10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.
- Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.
- Behin-behinekotasuna %8an kokatzea, enplegu publikoa sortuz eta kontsolidatuz.
- Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
- Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostuz.
- Administrazioak eta langileak euskaraz, "iruzurrik gabe".
- Jardunaldia murriztea, 32 orduko lan astearen norabidean.