Aurtengo urtarrilean, iazkoarekin alderatuta, 4 tona paper eta kartoi gehiago bildu dituzte gaika (iaz 234t eta aurten 238t), eta 9 tona ontzi arin gehiago (iaz 125t eta aurten 134t). Joera horri eutsiz gero, urtean 48 tona paper eta kartoi eta 108 tona ontzi arin gehiago jasoko dituztela aurreikusten du Mankomunitateak.
456 edukiontzi berri, gaikako bilketa hobetzeko
Debabarrena Mankomunitateak, gaikako bilketa areagotzeko helburuarekin, abenduan jarri zituen erabilgarri 456 edukiontzi hori eta urdin berri eskualdeko herrietan. "Edukiontzi berri horiek hondakinen sailkapena errazten diete herritarrei, izan ere, irisgarriagoak dira eta aho handiagoa dute, hondakinak bertara botatzea erraztuz", azaldu dute. Gainera, edukiontzi berriekin edukiontzi bakoitzera botatako zaborra azkarrago jasotzen dutela zehaztu dute, eta irudi hobea ematen dutela ere nabarmendu dute, edukiontzi guneen uniformetasuna ahalbidetzen dutela-eta.
Mankomunitateak herritarrei eskerrak eman dizkie gaikako bilketan emandako hobekuntzagatik eta "ildo horretan" jarraitzera gonbidatu ditu.
Ontzi arinak nola sailkatu
Ildo beretik, Debabarrenako Mankomunitateak sentsibilizazio ekintza berri bat jarri du martxan, eta eskualdeko etxebizitza guztietan banatu ditu ontzi arinak nola sailkatu behar diren adierazten duten eskuorriak, Ecoembes erakundearen finantziazioarekin. Izan ere, eskualdean ontzi arinen kopuru txikia jasotzen da gaika biztanleko, 19kg urtean biztanleko, beraz, herritarrak ontzi arinak modu egokian sailkatzeko deia zabaldu nahi du Mankomunitateak eskuorrien bidez, zuzenean etxebizitzetan eragiteko helburuarekin. Ekonomia zirkularra eta ontzi arinak
Eskuorriaren helburua da herritarrei hondakinen sailkapen egokiaren inguruko informazioa eta ekonomia zirkularraren onurak helaraztea. Horretarako, hondakinak modu egokian sailkatuz gero lor daitezkeen produktu berrien inguruko informazioa ematen da eskuorrian, modu bisualean, eta edukiontzi horira bota daitezkeen hondakinak zeintzuk diren azaltzen dute, baita bertara bota ezin daitezkeenak zein diren ere.