Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin debuta egin du Elur Arrieta perkusio joleak

elgoibarren.net 2006ko urr. 25a, 10:06
Donostiako Kursaal aretoan jo zuen estrainekoz gazte elgoibartarrak Euskadiko Orkestra Sinfoniko prestigiotsuarekin. Euskadiko Gazte Orkestran 5 urtez perkusioa jotzen aritu ostean, aurrera pausu garrantzitsua izan da Arrietaren karreran, horrelako aukerak ez baitira egunero sortzen. Oso zaila da maila honetako orkestra batean sartzea. Momentuz kolaboratzaile moduan hartu dute.
 
 
Goi Mailako Perkusio ikasketen 3. ikasturtea (guztira 4 dira) egiten ari dela jaso zuen Elur Arrietak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren deia.

Momentuz kolaboratzaile moduan hasiko da
Hasieran kolaboratzaile lanak egingo ditu Arrietak: Euskadiko Orkestrak 4 perkusio jole finko ditu, baina kontzertu edo piezaren arabera, kolaboratzaileak behar izaten dituzte, eta Elurrek perkusio jole kolaboratzaile izateko probak gainditu zituen iaz.
Euskal Herriko hiriburuetan (Gasteiz, Donostia, Bilbao eta Iruña) eskainiko ditu kontzertuak Euskadiko Orkestrak aste osoan. Horrelako aukerak ez direla egunero sortzen aipatu digu elgoibartarrak “aspalditik nengoen horrelako aukera baten zain eta aprobetxatu beharra daukat. Barruan daukadana eman, alegia, Orkestrako perkusio jole finko izatea gustatuko litzaidake-eta”. Debut egunean lasai egon zela gaineratu digu “Kursaalean eta ikusle askoren aurrean jo genuen arren, lasai egon nintzen. Esperientzia ona izan zen”.

 

Elur Arrieta

Arima Beltza taldea

 
Arima Beltza taldeko bateriajolea
Arima Beltza blues-rock taldeko partaidea, bateria-jolea, ere badugu Elur. Hain zuzen ere, datorren azaroaren 17an kontzertua eskainiko du talde elgoibartarrak Herriko Antzokian (22:15).