Gustavo Barrenetxeak aurten ere hartuko du parte Elgoibarko Nazioarteko Xake Txapelketan

elgoibarren.net 2014ko aza. 24a, 10:40
 
Elgoibarko Nazioarteko Xake Txapelketan parte zuen iaz lehen aldiz Gustavo Barrenetxeak (Elgoibar, 1971), eta honenbestez, bera da txapelketa honetan parte hartu duen estreinako xakelari elgoibartarra. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten ere hartuko du parte Elgoibarko torneoan. Abenduaren 13tik 19ra jokatuko da Elgoibarko Maisuen 24. Nazioarteko Xake Txapelketa.
 


 Elgoibarko Maisuen Nazioarteko XXIV. Xake Txapelketan parte hartuko duten xakelarien izenak oraindik zehaztu gabe dituztela jakinarazi dute antolatzaileek, alabaina parte hartuko duten hamar xakelarietako bat Gustavo Barrenetxea izango dela baieztatu dute. Elgoibarko Nazioarteko Xake Txapelketaren lehen edizioa 1991. urtean jokatu zen, eta iaz arte sekula ez zuen elgoibartar batek parte hartu. Barrenetxeari etxean jokatu izanagatik ez zizkioten gauzak erraz jarri eta azken postuan amaitu zuen. Hortaz, iazkoa hobetzeko gogoarekin etorriko da aurten Sevillan bizi den elgoibartarra. Musikaria da lanbidez, baina xakeari ere ordu asko eskaintzen dizkio eta hainbat txapelketetan hartzen du parte.
•Ibilbide luzea xakean

1706636324374 Gustavo Barrenetxeak aurten ere hartuko du parte Elgoibarko Nazioarteko Xake Txapelket

Gustavo Barrenetxea 1971 urtean jaio zen Elgoibarren. Elgoibarko Eskola Kiroleko xake txapelketa guztiak irabazi zituen eta hiru alditan irabazi zuen eskolarteko Gipuzkoako Xake Txapelketa. 15 urterekin Elgoibarko helduen mailako txapelketa irabazi zuen eta senior mailako txapelketetan parte hartzen hasi zen Zubi-Ondo klubarekin. Federazioak etorkizun handiko jokalari izendatu zuen eta ospe handiko munduko xake jokalarien aurka jokatzeko aukera izan zuen, besteak beste, Kasparov, Karpov, Timman, Ljubojevic... eta Zsuzsa Polgarri partida bat irabazi zion, munduko txapelduna zen sasoian.

Senior mailan ere lortu zituen garaipenak: Gipuzkoako txapeldun, Euskadiko txapeldunorde, Euskadiko Unibertsitate mailako txapeldun izandakoa, eta adin maila guztietan parte hartu zuen Espainiar Estatuko xake txapelketetan. Euskadiko selekzioa ere ordezkatu du behin baino gehiagotan.
Era berean, Europako hainbat txapelketetan parte hartu du. Spliten (Kroazia) jokatutako txapelketa batean gainera, Maisu Handi izateko norma lortzetik oso gertu ibili zen.
Makina bat txapelketa ere irabazi ditu (Gibraltar, Arrigorriaga, Los Palacios, e.a.).
Gaur egun Andaluziako Ohorezko Mailan jokatzen du Barrenetxeak. Joko ausarta erabiltzeagatik bereizten da aurkariengandik eta 2.261 ELO puntu izatera iritsi da. ELO puntuaketa 0tik 3000 bitartekoa da eta Nazioarteko Xake Federazioak xake jokalarien joko-maila neurtzeko erabiltzen du.
 
Lotura duten albisteak: