Tortura eta eraso sexistak salatu ditu Ladronek Murillo epailearen aurrean

elgoibarren.net 2014ko ira. 23a, 14:34
Angela Murillo epailearen aurrean deklaratzen ari da une honetan Ainara Ladron, Segiko kide izatea egotzita, -beste 27 lagunekin batera-, Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren elgoibartarra. Berriako kazetari Hodei Iruretagoiena zuzeneko kontaketa ari da egiten Auzitegi Nazionaletik, eta hari esker jakin dugu tortura eta eraso sexistak salatu dituela Ladronek. Besteak beste, biluzarazi eta mahai batean jarri zutela salatu du "Bost poliziez, guztiak giozonezkoak, inguratutako neska gazte bat nintzen. Edozer egin zezaketen”.

Ainara Ladron, ezkerretik hirugarrena, Auzitegi Nazionaleko sarreran.

Berria egunkariko kazetari Hodei Iruretagoiena Auzitegi Nazionaletik zuzeneko kontaketa egiten ari da Twitter bidez, eta handik hona ekarri ditugu Ainara Ladronek, defentsako abokatuen galderei erantzunez, epailearen aurrean esandakoak. 14:00etan hasi da Ainara Ladronen deklarazioa, goizeko saioko azkena. Ainara Ladronek ez du epailearen aurrera berriz joan beharrik izango azken unera arte, haurdun dagoela-eta.
  • Ainara Ladron: "sei urteko zigorra eskatzeko frogak: kamiseta bat, pegatinak, eskuorriren bat, txapak..."
  • "Erresistentzia fisikotik erresistentzia mentalera pasatu nintzen: 'ez naiz ni hemen nagoena'"
  • "Hankak irekitzen hasi zitzaizkidan. Ez nien uzten, baina une batean ezin nuen gehiago"
  • "Bost poliziez, guztiak gizonezkoak, inguratutako neska gazte bat nintzen. Edozer egin zezaketen”
  • Madrilerako bidean gelditu egin zuten: "Burua altxatu zidaten. 'Oraindik bide erdia geratzen zaizu'"
  • "Shock egoeran nengoen". "Madrilerako bidea infernua izan zen". Kolpeak, eskuburdinak, iletik tiraka...”
  • "Idazkari judizialari behin eta berriz esan nion ez zuela deklaratu nahi, baina ez zuen aktan jarri". 
  • "Kontziente nintzen gure atxiloketak etorri zirela torturapeko deklarazioen ondorioz. Kate hori hautsi nahi nuen"
  • "Independentziaren eta sozialimsoaren alde, autodeterminazioaren alde, militantzia politikoa aritu naiz, eta ari naiz"
  • "Ni ez naiz inoiz izan 'erakunde terrorista' batekoa. Nire herriaren askapen nazional eta sozialaren alde aritu naiz”

 Gara egunkariko kazetari Alberto Pradilla ere zuzeneko kontakizuna egiten ari da Madriletik.

Lotura duten albisteak: