Ainara Ladron ez da epaiketara aurkeztu

elgoibarren.net 2013ko urr. 30a, 12:13
2007an A8 autobidea mozteagatik auzipetutako bost gazteetatik hiru, tartean Ainara Ladron, ez dira gaur Donostian egitekoak ziren epaiketara aurkeztu. Bideo baten bidez jakinarazi dute aipaturiko hiru gazteek desobedientzia zibilaren hautua egin eta gaurko epaiketara ez aurkeztea erabaki dutela. ateakireki.com webgunean jakinarazi dutenez, epaileak gazteak atxilotzeko agindua eman du, epaiketara agertu ez direla-eta.

 

 Epaiketara aurkeztu ez diren hiru gazteek “eguneroko bizitzarekin” jarraituko dutela adierazi dute euren arrazoiak azaltzeko grabatu eta zabaldu duten bideoan. “Kalean, eskolan, lantegian, borrokan” jarraituko dutela diote. Era berean, euskal gazteriari “borrokan jarraitzeko” eskatu diote, “dena dutelako irabazteko”. Herri aktibazioaren beharra ere nabarmendu dute.
Bost gazteen aurkako epaiketa salatzeko eta Ladroni elkartasuna adierazteko ekitaldi berezia antolatu dute Elgoibarren. Libre, elkartasunetik konpromisora lelopean batuko dira gaur (urriak 30) Maalako parkean, 19:00etan.

 Topatu gazte proiektu komunikatibokoak gaur epaitzekoak ziren bost gazte horietako batzuekin batu ziren joan den otsailean, eta behean ikus dezakezuen bideo erreportajea osatu zuten.