Elgoibarko natura izango da Udalak argitaratuko duen 2014ko egutegiko gaia

elgoibarren.net 2013ko ira. 23a, 17:15
 
2014ko egutegia osatzeko argazki eta marrazki lehiaketa antolatu dute Elgoibarko Udaleko Euskara Sailak eta Ingurumen Sailak, Ongarri argazkilari elkartearekin eta ikastetxeekin elkarlanean. Aurtengo gaia natura izango da. Interesatuek urriaren 18rako entregatu beharko dituzte argazkiak zein marrazkiak.
 


 2014ko egutegirako argazki lehiaketaz gain, marrazki lehiaketa ere antolatu du estreinakoz Elgoibarko Udalak. Jakinarazi dutenez, 2014ko egutegiko argazkiekin batera marrazkiak ere agertzea da helburua, goialdean argazki bat, eta behealdean, marrazki bat tamaina txikian. LHko 5. mailako ikasleei zuzenduta dago marrazki lehiaketa. Elgoibar Ikastolako ikasleek landaguneak, baserriak, baserriko bizimodua eta lana (ortuak, tokiko produktuak..) jaso beharko dituzte marrazkietan, eta, Herri Eskolako ikasleek, berriz, urtaroak, paisaiak, mendiak, basoak, ibaiak-errekak, e.a. Guztiak ere Elgoibarri erreferentzia egiten dioten lekuak edo irudiak izan beharko dira. Urriaren 18ra arte entregatu ahal izango dira lanak, eskolan bertan. Eskola arduratuko da lan guztiak Kultur Etxera (Euskara Sailera) ekartzeaz. Udalak hamabi marrazki {Ikastolakoak 6 eta Herri Eskolakoak beste 6} aukeratuko ditu egutegian jartzeko eta ingurumenarekin lotura duen kit batekin sarituko du aukeratutako marrazkia.
Argazki lehiaketa
 Era berean, 2014ko egutegia osatzeko argazki lehiaketari dagokionez, Elgoibarko natura izango da aurtengo gaia: landaguneak, baserriak, basoak, ibai-errekak, baserriko bizimodua, lana, animaliak, ortuak, tokiko produktuak... Ez dira onartuko Elgoibarri erreferentziarik egiten ez dioten argazkiak, hau da, edonongoak izan daitezkeen argazkiak, herriaren identifikaziorako inolako argibiderik ematen ez dutenak. Elgoibarren jaio, bizi, ikasi edo lan egiten dutenek izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera, eta partaide bakoitzak sei argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez. Antolatzaileek hamabi argazki aukeratuko dituzte, hilabete bakoitzerako bat, eta argazki aukeratutako argazki bakoitzaren egileak 70 euroko saria jasoko du. Interesatuek urriaren 18rako entregatu beharko dituzte argazkiak Udaleko Euskara Batzordean (Kultur Etxea (Euskara Saila), Kalebarren plaza 3).

Lotura duten albisteak: