Udalaren egutegirako argazki lehiaketan berrikuntzak iragarri dituzte

elgoibarren.net 2012ko ots. 2a, 09:10
Datorren urtera begira, Udalak eta Ongarri argazkilari elkarteak aldaketa batzuk egitea erabaki dute egutegirako argazki lehiaketan. Besteak beste, aurrerantzean Elgoibarko gizarte bizitza irudikatzen duten argazkiak izan beharko dira: jaiak, tradizioa, kultura, ohiturak, lanbideak… Bestalde, Udalak argitaratu duen 2012ko egutegiak arrakasta handia izan duela jakinarazi dute, baina oraindik ere, ale gutxi batzuk herritarren eskura daude Kultur Etxean.

 Egutegiaren arrakastaren arrazoietariko bat argazkiak direla uste dute antolatzaileek, “herritarrek egindako argazkiak dira, eta horrek erakargarriagoa egiten du egutegia”, azaldu dute. Datorren urtera begira, Udalak eta Ongarri argazkilari elkarteak aldaketa batzuk egitea erabaki dute lehiaketan. Ondorengoak dira aldaketak:
  • Argazki kopuruari dagokionez, orain arte herritar bakoitzak, gehienez ere, hiru argazki aurkezteko aukera izan du, baina aurrerantzean, herritar bakoitzak sei argazki aurkezteko aukera izango du.
  • Partehartzaileei dagokionez, ez da derrigorrezkoa izango Elgoibarren erroldatuta egotea, bertan jaio, ikasi edo lan egiten dutenek ere izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera.
  • Gaiari dagokionez, Elgoibarko gizarte bizitza irudikatzen duten argazkiak izan beharko dira: jaiak, tradizioa, kultura, ohiturak, lanbideak… Azken urteotan lehiaketara aurkeztutako argazki gehienak Elgoibarko paisaiak, txokoak, baserriak, mendiak… irudikatu dituzte, eta antolatzaileek egutegiari beste ikuspegi bat eman nahirik hartu dute erabaki hau.
Argazkiak ateratzeko hainbat aukera
 Udalak eta Ongarri elkarteak gogorarazi nahi die herritarrei urte osoan zehar gure herriak eskaintzen dituen aukerez baliatu daitezkeela (San Anton jaiak, San Blas eguna, Santa Eskea, Inauteriak, San Bartolome eta Trinitate jaiak, azokak eta feria bereziak, erromeriak…) argazkiak ateratzeko. Bukatzeko, Udaleko Euskara Sailak eta Ongarri elkarteak eskerrak eman nahi dizkie argazki lehiaketan parte hartu duten argazkizale guztiei eta eskerrak baita ere herritarrei egutegiari "horren harrera ona" egiteagatik.
 
*Goiko argazkia: Andoni Etxeberria Aizpitarte.