Mugimendudun jaiotza bat nagusi jaiotza lehiaketan

elgoibarren.net 2011ko abe. 19a, 15:06
Jaiotza Lehiaketan ikusitako lanen originaltasuna eta konplexutasunari erreparatuz gero, Elgojaiotzak urtero prestatzen duen jaiotza mekanikoak etorkizuna ziurtatuta daukala esan daiteke. Izan ere, haren moduan, mugimendua duten figuratxoak zituen jaiotza batek irabazi du aurtengo gaztetxoentzako jaiotza lehiaketa. Eider eta Goizeder Arnedo ahizpek aurkeztutako jaiotzak jaso zuen lehen saria.

 Parrokiako katekistek hogeita bosgarrenekoz antolatu dute aurten 14 urtetik beherako gaztetxoentzako jaiotza lehiaketa. Guztira 140 neska-mutilek parte hartu dute jaiotzak egiten eta lehiaketarako aurkeztutako lanak 35 izan dira. Epaimahaikideen iritziz, Eider eta Goizeder Arnedo ahizpek aurkeztutako jaiotzak merezi zuen lehen saria. Bigarren saria, berriz, Danel eta Elene Zubizarreta eta Nerea eta Ainhoa Arnedok osatutako taldeak jaso zuen. Hirugarren saria, Ihintza Beristain, Ane San Martin eta Nerea Rodriguezek aurkeztutako lanak jaso zuen. 

140 umek parte hartu dute jaiotza lehiaketan.

Bigarren saria lortu zuen jaiotza honek.

 Aurten ere era guztietako materialekin egindako jaiotzak ikusi ahal izan dira: plastilinarekin egindakoak, arrautzekin, arto azalarekin, kortxoekin, mandarina azalekin, lore eta landareekin, artilearekin, e.a. Ondorengo argazkietan ikus ditzakezue horietako batzuk. Aurkeztutako lan guztiak, hala ere, Errosario kalean (7. zenbakian) dauzkazue ikusgai.
Argazkiak: (gehiago Picasako kontuan)