PPk udal aurrekontuen kontra bozkatuko du eta dozena bat zuzenketa aurkeztu ditu

Barren.eus 2015ko urt. 20a, 11:30

Elgoibarko Udalbatzarraren Osoko Bilkurak 2015eko Udal aurrekontuei buruzko udalbatzarra egingo du eguenean (urtarrilak 22). Javier Nuñez PP alderdiko zinegotzi bakarrak aurreratu du Udal Gobernu Taldeak (EAJ eta PSE-EE) proposatutako aurrekontuen kontra bozkatuko duela, eta hamabi zuzenketa partzial aurkeztu dizkie aurrekontuei.

Javier Nuñez PPko zinegotziak 2015eko udal aurrekontuen kontra bozkatzeko dituen arrazoiak eman ditu, eta aurkeztu dituen emendakinen nondik norakoak azaldu, prentsaurrekoan. Ez du zalantzarik EAJ eta PSE-EEren botoekin onartuko direla 2015eko aurrekontuak, eta sozialistak kritikatu ditu. "Hauteskunde kanpainan agindutakoei uko egin diote ongizate batzordean aulki bat izatearen trukean. Legealdi osoan egin duten moduan, babestu egingo dituzte EAJren aurrekontuak". 

• Hamabi zuzenketa partzial

Elgoibarko Alderdi Popularrak aurkeztu dituen zuzenketa partzialen artean jangeletako edota testu-liburuen gastuetarako laguntza handitzeko egindako proposamena dago. 5.000 euroko partida aurreikusten du Nuñezek horretarako. Herritik kanpora ikasten duten ikasleei joan-etorrietako gastuekin laguntzea ere aurreikusten du PPk. Era berean, Erreminta Makinaren Museoari aurreikusitako laguntza 5.000 euroan handitzea proposatzen du, bere jarduera “indartu eta zabaldu” ditzan. Kopuru bera aurreikusten du Kultura elkarteentzako laguntza handitzeko emendakinean. Besteak beste, Perretxiko lehiaketa berreskuratu ahal izateko. 

Kantzerraren aurka borrokan ari den Ekuadorreko Chica Guapa fundazioarentzat ere 5.000 euroko diru-laguntza proposamena jaso du Nuñezek bere emendakinetako batean. Azaldu duenez, Jairo Berbel elgoibartarra ari da lanean fundazio horretan.

Irakurzaletasuna sustatu eta Gotzon Garate Udal Liburutegiko liburu zein ikus-entzunezkoen artxiboa handitzeko 5.000 euroko partida ere defendatzen du, eta euskararen sustapenerako emendakin partziala ere aurkeztu du. Euskara ikasten dihardutenei babesa eman eta kalean berba egiteko beldurrak eta lotsak galtzera bideratutako kanpainaren bat egiteko beharra ikusten du. “Jendeak euskara ikasten dihardutenak identifikatu ahal izateko Ni ikasten ari naiz edo antzerako esaldiren bat idatzita duten txapak atera beharko genituzke, esaterako, kanpaina horren barruan”. 

• Gastua handitu gabe

Elgoibarko PPk aurkeztutako emendakinetan jasota dauden proposamenak diruz hornitzeko ez dagoela gastua handitu beharrik jakinarazi du Nuñezek. “EAJ eta PSE-EE alderdiek aurkeztutako aurrekontu proposameneko bost partidetatik gastuak murriztuz lortuko genuke-eta dirua”. Bere iritziz, publizitate eta propaganda gastuetarako aurreikusitako 50.000 euroetatik 5.000 euro murriztu daitezke. Era berean, lan teknikoak egiteko aurrekontutik (30.000 euro) 10.000 euro kentzea proposatzen du. Ondare industrialerako Udal Gobernuak aurreikusten duen partida (32.500 euro) ere gehiegizkoa iruditzen zaio Nuñezi eta 10.000 euroan murriztea proposatzen du. Proiektuak idazteko aurrekontu proposamena ere “puztuegia” dagoela uste du. “2014ko aurrekontuan 135.000 euro jasota zeuden egin daitezkeen proiektuak idazteko, eta 2015erako dezente hasi da, 200.000 euro aurreikusten dituzte-eta. 15.000 euro gutxiagorekin ere konpon gaitezkeela uste dut, eta diru hori proposatzen ditudan zuzenketa partzialak finantzatzeko erabili”. Ildo beretik, landa eta baserri eremuetan egin beharreko lanetarako aurreikusitako partidatik (185.000 euro), 20.000 euro kenduko lituzke.